ORIAMENDIN ur deposito berria inauguratu du Añarbek apirila hastearekin batera. Ur depositoa Hernani eta Donostiak muga egiten duten eremuan dago, Villa Mentxu etxearen inguruan, ipar-ekialdera hain justu. Depositoko ura Donostiako hainbat auzoetara bideratuko da: Aiete, Zorroaga, Miramon, Amara goikaldea, Igeldo, Berio eta Zuatzura, besteak beste. Guztira 35.000 bizilagunek hartuko dute ura deposito honetatik. Añarbeko Urak enpresak azaldutakoaren arabera, ur deposito honekin ur gehiago bildu ahal izango da. Enpresak egin dituen kalkuluen arabera 56 ordurako ur suministroa bermatuko luke deposito honek; eta beste alde batetik, uraren presioa haundituko litzateke.
Depositoaren ezaugarriak
Oriamendiko deposito berria 2.600 m2ko deposito laukia da, eta 11,5 metro altuerako bi ontzi dauzka barruan. Depositoaren zati bat lur azpian sartuta dago, eta guztira eta ontzien artean 20.000 m3 ur biltzeko kapazitatea du. Añarbek azaldu du, deposito honek, ur suministroko sistema gehienek ura biltzeko duten kapazidadea bikoiztu egiten duela, eta horri eskerrak, etxeetaraino ura iristea ziurtatuko dela edozein ezbeharren bat gertatuta ere.
Akordioak eta finantzaketa
Oriamendiko deposito berria egin den lekuan lehen ere bazegoen deposito bat. Añarbek azaldu du, deposito hau 50garren hamarkadan eraiki zela eta gaur egun egoera kaxkarrean zegoela. Hori dela eta, goitik behera berritu egin dute. Deposito hau Donostiako Udalarena zen.
Deposito berria egiteko 7 milioi euroko inbertsioa behar izan da. Inbertsio hori egin ahal izateko hitzarmena sinatu zuten Donostiako Udalak, Añarbeko Urak enpresak eta Donostiako Parke Teknologikoak.
Hitzarmen honen bidez, Añarbeko Urak enpresak diruaren %25a jarri du; Donostiako Udalak Parke Teknologikoari depositoa dagoen eremua eman dio; eta Parke Teknologikoak diruaren %75a jarri du.
Hiriburuko depositoak
Oriamendiko deposito hau berrituta, Donostia hiriko ur suministrorako dauden 9 ur deposito haundiak berritu dira. Berritze lan hauek duela 10 urte hasi ziren eta guztira 20 milioi euroko inbertsioa egin da. Ur deposito hauekin guztira 184.248 biztanlerentzako ur suministroa bermatuko dela azaldu du Añarbeko Urak enpresak. Egindako kalkuluen arabera (bataz beste eta industriak eta kontuan hartuta) egunean 50 milioi litro ur erabiltzen ditu populazio honek.
Oriamendiko depositoaz gain beste deposito hauek egokitu dira Donostiako ur suministrorako: Amarakoa, Matiakoa, Martutenekoa, Monsekoa, Putzuetakoa, Belartzakoa, Bidebietakoa eta Txalingoa.