Sagardotegira etortzen dira turista asko Hernanira

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 13a, 02:00

eguraldiak ez du gehiegi lagundu, eta hala ere, herriko ostatu eta hotelak bete antzean izan dira Aste Santuan. Bertako turistak eta katalanak dira ohikoenak urtero, eta sagardotegia dute huts egin ezineko bisita.

Nahiko beteta
Herriko ostatu eta hoteletan galdetuta, orokorrean balorazio positiboa egin dute denek. Gutxi edo gehiago, denetan izan da jendea, «batez ere ostiraletik igandera», gaur ez baita jai leku askotan, eta Aste Santua Hernanin eman duten turista asko lanean izango da dagoeneko gaur. Bete-beteak egon ez diren arren, pozik zeuden ostalariak. Baten batek jaitsi egin dela ere adierazi du «beste urtetan baino zertxobait gutxiago izan da, gure ustez krisiarengatik, jende asko etxean geratu baita». Eguraldiak ere ez du gehiegi lagundu eta bada oporraldia bertan behera utzi duenik ere, eguraldi txarra iragarria zegoelako, «pare bat lagunek erreserba egin eta atzera egin dute, eguraldi txarra emanda zegoelako».

Katalanak barra-barra
Zein turista mota etortzen den galdetuz gero, denak bat datoz: katalanak dira bisitari fidelenak, eta atzetik, euskaldunak, Bizkaiatik eta etorriak. Turismoak duen itxura aldakorrari aurre eginez, ostatu eta hotel gehienetan adierazi dute badaudela «urtero-urtero etortzen diren turistak, huts egin gabe».

Sagardotegira joan behar
Zer bilatzen duten galdetuz gero, erantzuna beti beretsua da: sagardotegiak. Ostalarien esanetan, «ez dago ia bisitaririk, hona etorri eta sagardotegiren batera joan gabe alde egingo duenik». Herria bera ere gustokoa dute eta Donostia ondoan izanda, egin beharreko bisita dute hori ere. Chillida Leku ere gustoko tokia dute, herritik bertan. Askok Iparraldea eta kosta aldea ezagutzeko ere aprobetxatzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!