Hernaniko Gizarte Zerbitzuetatik jakinarazi dutenez, joan den urtean, 65 urtetik gorako 199 lagunek eskatu zuten era bateko edo besteko laguntza teknikoa. Laguntzak era askotakoak izan daitezke; ohikoenak etxea egokitzeko izaten dira, baina badaude bestelakoak ere, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta telelaguntza, esate baterako.
Gehienak etxea
egokitzeko laguntzak
Eskaera gehienak mugikortasunari begirakoak izan ziren, batez ere, etxe barrura begirakoak: etxeko altzariak eta egokitzapenak (airezko koltxoiak, ohe artikulatuak eta abar) 110 izan ziren; komuneko bainuontzia eta dutxako osagarriak (heldulekuak, esate baterako) 25 izan ziren; etxe barruko oztopoak kentzeko (bainugela egokitu, esate baterako) 23 izan ziren; etxe sarrerako oztopoei begirako laguntzak (ranpak, eskailerak igotzeko aulkiak eta abar) 10 izan ziren; gurpil aulki motordunak 9 izan ziren; eta ezinduak jasotzeko eta lekuz aldatzeko tresnak (garabia, arnesak eta abar) 7 izan ziren. Bestelako eskaerak ere izan zituzten, norberaren ibilgailua egokitzeko edo erosteko, esate baterako.
Guztira 199 eskaera jaso zituzten Gizarte Zerbitzuetan eta denak banan-bana aztertu ondoren, eskatutako 165 laguntza eman zituzten.
Etxez etxeko zerbitzua
Etxez etxeko laguntzarena da Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen duten beste zerbitzua. Zerbitzu honi esker gizarte laguntzaile bat joaten da laguntza eskatu duten ezinduen etxera bertako lanak egitera edo egiten laguntzera.
Joan den urtean 187 erabiltzailek jaso zuten zerbitzu hau. Eskatzailetik eskatzailera aldea ere izaten da, menpekotasun maila ez baita bera izaten kasu guztietan; horren arabera zerbitzu mota bat edo beste jasotzen da.
Joan den urteko eskatzaileen artean, gehienek, %33k, zerbitzu domestikoa bakarrik eskatu zuten, 61 lagunek alegia; 43 lagunek beren burua garbitzen laguntzeko eskatu zuten; eta beste 36 lagunek biak, zerbitzu domestikoa eta beren burua garbitzeko laguntza, alegia.
Bestalde, 8 lagunek janaria prestatu eta erosketak egiteko laguntza jaso zuten eta 3 lagunek bestelako gauzetarako. Badaude zerbitzu guztiak jaso dituztenik ere, 36 lagun, hain zuzen ere.
Teleasistentzia
Gero eta erabiltzaile gehiagok eskatzen dute teleasistentzia edo telelaguntza zerbitzua. Erabiltzaileak lepotik zintzilik eramateko medaloi bat edo eskumuturrean eramateko erloju antzeko tresna bat eraman behar du soinean. Edozein larrialditan, erabiltzaileak botoia sakatu baino ez du egin behar eta berehala SOS-Deiakekin harremanetan egongo da. Zerbitzuaren helburua da bakarrik bizi diren edo denbora asko bakarrik ematen duten pertsonei laguntza, eta batez ere, segurtasuna eskaintzea.
Non eskatu
Informazioa nahi izanez gero, Gizarte Zerbitzuetara jo behar da, Sandiusterri kaleko 1 zenbakira (zaharren egoitza) edo 943 557 854 edo 943 331 103 zenbakietako batera deitu.
Gizarte Zerbitzuetan banan-bana aztertzen dituzte eskaera eta eskatzaileen baldintza guztiak.