Mendiriz mendi Mendiriz Mendi elkartea apirilean Tarazona (Zaragoza) inguruetara joango da, Moncayo mendira. Moncayo gailurra Soria eta Zaragoza probintzien arteko mugan kokatuta dago.
Nola iritsi
A-15 autobidetik Iruñeara joan. Hemendik AP-15 jarraituz Tuteraraino jaitsi. Bertan autopista utzi eta Tarazona doan N-121 errepidea hartu. Herria zeharkatu eta Agredara doan N-122 jarraitu. Herritik irten eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu ezkerrera. Santa Cruz del Moncayo aldera hartu behar da CV-610 errepidea jarraituz eta San Martin de la Virgen del Moncayora heldu. Hemendik aurrera Santuariora igotzen den bidea eta aparkalekua aurkitzea erraza da, ondo adierazita baitaude kartel eta seinaleekin. Santuariora (1.620 m) kotxez igotzeko aukera dago, baina pistaren azken kilometroak nahiko egoera txarrean daude.
Kontu interesgarriak
Moncayo mendia Ebro bailaratik altxatzen den mendia da. Nafarroako oinetan, Gaztela eta Aragoiren mugetan aurkitzen da. Zeltibero eta erromatarren garaitik mendi magiko eta sakratutzat jo izan da beti.
Mendiak jatorri glaziarra duten Hoya San Miguel, San Gaudioso eta Morca izenarekin ezagutzen diren hiru zirku ditu. Zirku horiek kuaternarioaren amaieran izan zen glaziaziokoak dira. Inguruko gailur nagusienak Peña Negra (2.118 m), Moncayo (2.316 m) eta Lobera (2.236 m) dira. Moncayoko gailurra lehen mailako bertize geodesikoa da.
Bere bolumen handia, inguru hauetan bakarra izatea, eta bere altuera direla eta, Moncayok bertatik pasatzen diren lainoak heltzen ditu, horregatik, nahiko arrunta izaten da mendi honetan eguraldi kaxkarra. Mendi honetara hurbiltzerakoan komeni da kontuan hartzea hori eta mendiko material eta arropa egokia eramatea.
1927. urtean mendiaren Aragoiko aldea Parke Naturala izendatu zuten. Mendiaren hainbat zati Sorian egon arren, bertan ez dute mendia gehiegi maitatzen. Bada esan bat dioena `Moncayo ladrón, mamas en Castilla y riegas en Aragón`.
Moncayoko oinetan, Aragoi aldean, Nuestra Señora del Moncayoko santuarioa aurkitzen da. Santuarioa granitozko harkaitz batzuen azpian dagoen eraikin handi bat da. Taberna, jatetxea eta aterpea ditu. Santuariotik Ebro bailara eta ia Pirinio osoa ikusten dira. Bertatik abiatzen dira inguruko gailur gehienetara igotzeko aukera ematen duten bideak.
Ibilbidearen deskribapena
Moncayoko igoera nahiko agerikoa da ibilbide osoan. Santuario alboan dagoen iturritik irteten da. Ibilbidean igoerari buruz informazioa ematen duten kartelak eta mapak aurkituko ditugu. Bidea marka hori eta zuriekin (PR) markatuta dago. Ez du zailtasunik, baina neguan eratzen diren izotz plakekin kontuz ibili behar da.
Hasieran pinu baso barnean egiten da bidea. Igoera ez da gogorra, zig-zag eginez baitoa bidea, baina atsedenik gabe egiten da beti gora. Basotik atera-tzerakoan aldapa apur bat leuntzen da eta harriz jositako mendiko soroetako eremuetan sartzen gara. Berehala Pozo de San Miguel edo Cucharón (1.900 m) izenarekin ezagutzen den kubeta glaziarrean sartzen gara. Hemendik erraz bereizten dira Pico de San Miguel edo Moncayo (2.316 m) eskuinean eta Cerro de San Juan (2.279 m) ezkerrean.
Leku honetan bideak ezkerrera egiten du. Cerro de San Juanetik jaisten den hegal harritsutik igotzen da bidea, zig-zagak eginez. Behe-lainorik gabe bidea nabaria da, markak aurkitzen dira noizbehinka eta mojoiak ere bai. Cerro de San Juaneko lepora iristerakoan, eskuinera egin behar da eta azken aldapa leunak igoz berehala gara Moncayoko gailurrean. Bertatik paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu, eguraldia ona bada, noski.
Jaisteko, atzera egin behar da eta Cerro de San Juaneko lepora itzuli. Bertan, Cueva de Agredara jaitsiko digun bidea dago. Moncayo-ko GR-aren zatia denez, marka zuri-gorriak jarraitzea besterik ez zaigu geratzen.
Lepoan bideak eskuinera jotzen du. Malda malkartsuak jaitsiz, berehala iristen gara Trasmoncayo erreka urez hornitzen duen surgentziara. Errekak gidatuta, behera egin behar da. Laster bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinetik datorren bidea Collado del Castillotik barrena Moncayotik jaisteko beste bide bat da. Guk behera eta ezkerrera egingo dugu. Trasmoncayo errekak eratzen duen Barranco del Colladito bailaratxoa jarraitu behar da. Aurrerago bidea basoan sartzen da eta berehala pista bihurtzen da. Hemendik hogei minutu exkaxean Cueva de Agradan (1.313 m) gara.
l Distantzia: 10 kilometro.
l Denbora: 3-4 ordu.
l Desnibela: 700 metro.
l Gailurrik altuena: Moncayo (2.316 m).
l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabea. Behe-lainoa badago erraza da galtzea inguru hauetan. Moncayon arrunta da eguraldi txarra.
l Beharrezko materiala: Granpoiak, pioleta eta neguko materiala (eskularruak, elurretako betaurrekoak eta abar).
l Mendiriz Mendik hilaren 25-26an egingo du irteera.