Amuarrainak arrantzatzeko lehiaketa izango da datorren igandean Urumean, heldu eta gazteentzat

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 12a, 02:00

Txantxangorri elkarteak amuarrainak arrantzatzeko lehiaketa antolatu du datorren iganderako, hilak 19, Urumea ibaian. Igande goizeko 08.30etatik eguerdiko 13:00etara izango da lehiaketa eta aldez aurretik izena eman behar da, elkartean propio horretarako jarritako zerrendan. Hitzordua goizeko 08:30etan jarri dute, elkartean bertan. Aurkeztutako arrantzaleen izenak hartu ondoren, abiatuko dira arrantza tokietara. Ordubatean bukatuko da lehiaketa eta handik ordu erdira psiatuko dituzte piezak Txantxangorri elkartearen kanpoan. Bertan banatuko dituzte sariak. 14 urtetik beherako gazteek ere izango dute aukera lehiaketan parte hartzeko; hauek Landare inguruan egingo dute arrantza. Aldez aurretik, amuarrainak botako dituzte inguru horretan, Diputazioko eta Gipuzkoako Arrantza Federazioko kideek. 14 urtetik gorako helduek berriz, Urumea osoan barrena egin ahal izango dute arrantza, hasi Lastaolatik eta Bezkita errekak Urumearekin bat egiten dueneraino (Tximistanea baserriaren inguruan), baita Landaretik behera ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!