topagune berdeak jarraitzen du bilerak egiten. Azkenekoa hilaren 4an izan zen eta 19 lagun bildu ziren hondakinen kudeaketaz, mugikortasunaz eta bestelako gaiez hitz egitera.
Hondakinen kudeaketa
Bileran lehenik eta behin, hondakinen kudeaketaz hitz egin zuten. Horretarako, udal taldeak gai honen inguruan dituen asmoak azaldu zituzten. Aurretik ordea, gaur egungo egoera zein den azaldu zuten eta adierazi zuten orain arte bezala jarraitzeak ondorio kaltegarriak eta jasangaitzak dituela eta gehiago ekarriko dituela, eta ondorioz, hondakinak beste era batera kudeatu behar direla. Gaur egungo kudeaketarekin hondakinen %20 besterik ez da birziklatzen eta berrerabiltzen eta, Udalak bileran azaldutakoaren arabera, beste era batera egingo balitz kudeaketa, % 80 berrerabili eta birziklatuko litzateke. Topagune Berdeko lantaldea ados azaldu zen Udalaren asmoekin eta erantsi zuen beharrezkoa litzatekeela herritarrek bere egitea jarrera eta apostua. Beren ustez, hondakinen kudeaketa sistema aldatzeak ohiturak aldatzea ekarriko luke, eta horretarako, pentsakera ere aldatu beharko litzateke. Gainera, beren ustez, orain arteko kudeaketarekin jarraituz gero, erraustegia egin beharko litzateke. Gaiarekin lotuta, martxoaren bukaeran Topagune Berdeko talde eragileak hondakinen kudeaketaren inguruko hitzaldia antolatu zuen eta Jordi Colomer eta Ricardo Ortega hizlariak izan ziren bertan.
Mugikortasuna gora eta behera
Mugikortasuna ere aztergai dute Topagune Berdean. Hain zuen, aurreko bileran Marian Beitialarrangoitia alkatea bera izan zen bileran Udalak gai honen inguruan dituen asmoak azaltzeko, besteak beste honakoak: aparkaleku arazoak murriztea, trafiko arazoak murriztea, peatonalizazioa bultzatzea, bidegorriak sortzea eta irisgarritasun planak egin eta bultzatzea.
Iristeko aukera edonorentzat
Irisgarritasun planari buruz ere hitz egin zuten bileran, alegia, edonora iristeko aukera izatea edonork, horretarako, trabak kenduz. Herrian piboteak erruz ugaritzen ari direla aipatu zuten bileran, eta horietako asko alferrik daudela. Beraz, hori aldatze aldera, neurriak hartzeko asmoa azaldu zuten. Aurreko bileran ez zuten denborarik izan gai guztiak jorratzeko eta hurrengo bileran jarraitzeko asmoa dute.
Gai mordoska hitz egiteko
Topagune Berdean hasiera-hasieratik lehentasunak jarri ziren eta mugikortasuna eta hondakinen kudeaketari berebiziko garrantzia ematea erabaki zuten. Hala ere, ez dira horiek aztertuko dituzten gai bakarrak, bai baitituzte mordoska bat aurrerago jorratzeko.
Hurrengo bilera
Datorren hilean bilera egingo dute, maiatzaren 9an, larunbata, goizeko 10:00etan, Biteri kultur etxean. Bilera irekia da eta parte hartu nahi duten herritarrak ongi etorriak izango dira.
Hondakinen kudeaketa:
Gaur egun birziklatu daitekeenaren %20 besterik ez da birziklatzen. Hondakinak ondo bereiziko balira, %80 birziklatuko litzateke.
Gaur egungo sistemarekin zaborraren %20 baino gutxiago bereizten da, gero birziklatu ahal izateko. Hondakinak ondo bereiziko balira ordea, % 80 bereizi eta birziklatu eta berrerabili ahal izango litzateke. Beraz, gaur egungo bilketa sistemak ez du lortzen hondakinak bereiztea, ezta bereizketa behar den bezala egitea ere, eta gainera, hondakin organikoak ez dira behar bezala bereizten.
Konpostajea eta etxez etxeko bilketa
Honen aurrean, Udalak autokonpostatzea bultzatu nahiko luke, konpostajea egin dezaketen etxe guztiek konposta egin dezaten. Horrez gain, atez ateko bilketa sistema martxan jarri nahi du, hartara, %17.62 birziklatzetik %82.38ra igoz.