Hernanik maiatzaren 3an jokatuko du aurreneko partidua

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 12a, 02:00

aste honetan aurkeztu dute aurtengo Herri Arteko Pelota Txapelketa, Donostian. Txapelketa apirilaren 19an hasiko da, igandea, aurreneko kanporaketekin. Hernanik ordea, maiatzaren 3an jokatuko du aurreneko partidua, izan ere, joan den urtean aurreneko zortzien artean sailkatu ziren taldeak final zortzirenetako partiduekin hasiko dute txapelketa. Egoera berean daude, lehengo urteko txapelduna izan zen Azpeitia, Donostia, Ataun, Elgoibar, Usurbil, Bergara eta Lizartza.

Amezketa edo Berastegiren kontra
Hernanik Amezketa edo Berastegiren arteko partiduan irabazten duenaren kontra jokatuz hasiko du txapelketa. Jardunaldiak joan eta etorrikoak izango dira, maiatzaren 3an kanpoan jokatuko luke Hernanik eta maitzaren 10ean etxean. Final zortzirenetako partidu hauetan Hernani aterako da faborito, eta gauzak okertzen ez badira, Hernani final laurdenetarako sailkatuko litzateke.

Pelotari talde polita
Hernanik talde polita osatu du Herri Arteko Pelota Txapelketarako. Kadete mailan titular nor izango den ez dago garbi, baina aurrean izango dira Lujanbio edo Lopez; eta atzean, Murgiondo edo Elorza. Jubenil mailan, Arrieta izango da aurrelari titularra eta atzean Eneko Aizpitarte edo Mikel Lizeaga ariko dira. Nagusi mailan, Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategi ariko dira titular eta ordezko Josu Oiaga eta Ioritz San Sebastian. Beste pelotari batzuek ere hartuko dute parte txapelketan, izan ere, txapelketa luzea da eta pelotariak beharko dira.

Finalerako aukerak
Rufino Rekalde, Hernaniko pelota elkarteko arduradunak azaldutakoaren arabera, Hernanik finaleraino iristeko aukerak ditu: «pelotari onak dauzkagu, eta suerte pixka batekin finalean izango gara. Jubeniletan eta nagusi mailan bikote oso sendoak dauzkagu; kadeteetan ere pelotari onak dauzkagu, baina presiopean jokatzera oso ohituak ez daudenak». Aurkariengatik galdetuta, Rufino Rekaldek azaldu du Donostia eta Azkoitia beste multzoan egotea zorte haundia izan dela. Hernanik bere taldean aurkituko dituen aurkari gogorrenak Arrasate eta Azpeitia izango direla uste du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!