ABERRI eguna da gaur; eta Udalak duela gutxi, egun honen bueltako adierazpena onartu du Plenoan. Adierazpena, zehazki, martxoaren 26ko Plenoan aurkeztu zuen Gobernu Taldeko zinegotzi batek eta Gobernu Taldeko botoekin egin zuen aurrera. Bozketan EBko zinegotzia abstenitu egin zen, eta EAJ-PNV, EA, PSE-EE eta PPko zinegotziek ez zuten bozketan parte hartu.
«Aldarrikapen eguna»
Aberri eguna, 1931 urtetik aurrera, euskal herritar guztien eguna dela aipatzen da adierazpenean, «urte asko pasa dira, eta urte hauetan baldintza politiko ugari bizi arren, Aberri Egunak aldarrikapen eguna izaten jarraitzen du».
Adierazpenean azpimarratzen da egungo egoera politikoa ez dagoela normalizatua: «Estaturik gabeko nazioa gara, bere buruaren jabe ez den herria. Aldaketa politikoaren premia nabaritzen den honetan, gure nazioaren aitortza, eta ondorioz, dagozkigun eskubideen egikaritza aldaketa politiko horren ezinbesteko osagaitzat jotzen dugu, gure herriaren normalkuntza eskubide guztien errespetoan sustraituko bada».
«Urrats eraginkorrak»
Bide honetan, hainbat aldarrikapen egiten dira adierazpenean, «Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bidean urrats eraginkorrak eman daitezen, Aberri Egunean abertzaleen eta sektore ezberdinen arteko elkarlana sustatu nahian».
Alde batetik, deia egiten zaie euskal herritarrei eta bereziki Hernaniko herritarrei «bultzatu ditzaten Euskal Herria eraiki eta gatazka politikoa era demokratikoan gainditzea helburu duten ekimenak».
Era berean, deia egiten zaie Euskal Herriko eragile guztiei «nor bere interesak baztertuta, herri gisa joka dezaten, Aturritik Ebrora doan herri zahar honi begira».
Honekin batera, aldarrikatzen da «herri gisa zein euskal herritar gisa dagozkigun eskubideak urratzen dituzten bi estatuei Euskal Herria eskubide politikoak dituen subjetu gisa aitortu eta errespetatzeko».
Gaur Irun eta Hendaia arteko martxa Bukatzeko, gaur Irun eta Hendaia artean ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko gonbitea luzatzen da adierazpenean.