Sailkatu arren, Igoera Fasea ez du jokatuko Hernanik, medio faltagatik

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 10a, 02:00

EUSKAL Ligan dabiltzan boleibol taldeak bukatu dute denboraldia. Mutilen taldeak ez du oso denboraldi ona jokatu, baina hala ere, ligako partidu guztiak irabazi eta Igoera Fasea jokatzeko sailkatzea lortu du. Sailkatu arren, fase hori ez jokatzea erabaki dute ordea, egin beharreko bidai eta gainerakoak ordaintzeko dirurik ez dutelako.

Azkeneko 8 urtetan 7 aldiz jokatu dute Igoera Fasea
Euskal Ligan dabilen mutilen taldeak azkeneko 8 urtetan 7 aldiz jokatu du Igoera Fasea. Iaz, hirugarren postua lortu zuen, eta horrekin batera, mailaz igotzeko pasea. Hala ere, ez igotzea erabaki zuten, diru nahikorik ez zutelako eta taldean jendez justu xamar zebiltzatelako. Taldeko arduradunek azaldutakoaren arabera, lortutakoa lortu ondoren atzera egin behar izatea nahiko erabaki gogorra da: «Euskal Ligan azkeneko urteetan aurreneko edo bigarren postuan ibili gara, eta guretzako Igoera Fasea jokatzea urte osoko lanaren saria da. Bertan partidu interesgarriagoak jokatzen dira, maila altuagoko taldeen kontra». Esan bezala, aurten ere Igoera Fasea ez dute jokatuko eta aurrerantzean zertxobait entrenatzeko eta udako hondartzako txapelketak prestatzeko ari dira elkartzen.

Neskak, Euskal Ligari neurria hartzen
Euskal Ligan dabilen nesken taldeak, aldiz, aurten aurreneko urtea zuen liga horretan. Talde gaztea da, senior, jubenil eta kadeteekin osatutakoa eta liga horri neurria hartzea zuten aurtengo helburua. Denboraldia ez zuten oso ondo hasi, baina denboraldi bukaeran, partidu zailenetan, erakutsi dute taldeak gehiago eman dezakeela. Beraz, orain entrenatzen jarraitzen dute, datorren urtean maila hobetzeko asmotan.

Gipuzkoako Ligako taldea
Gipuzkoako Ligan dabilen nesken taldeak ez du liga bukatu oraindik, eta momentuz sailkapeneko 3garren postuan dijoa. Ligako lidergoa lortzeko motibatuta daude jokalariak eta geratzen zaizkien partiduetan dena ematera aterako dira.

Entrenatzeko aukera
Boleibol taldeko arduradunek jakinarazi dute udara bitarteko tarte hau boleibolean hasi eta kirola probatzeko momentu egokia izan daitekeela. Taldeak osatzeko jokalariak ere eskertuko lituzkete. Entrenamenduak asteazken eta ostiraletan izaten dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!