Tratu txarrekin eta inkomunikazioarekin bukatzeko eskatzen duen idatziari oniritzia eman dio Giza Eskubide Batzordeak

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 17a, 02:00

GIZA Eskubide Batzordea izan zen ostegunean. Bertan bi adierazpen aztertu ziren herrian izandako azken atxiloketen inguruan. Gobernu Taldeak aurkeztu zuen testuetako bat, eta honek egin zuen aurrera, aldaketa pare bat sartuta, EAJ-PNV eta EBren aldeko botoekin. PSE-EE eta PPko ordezkariek aurka bozkatu zuten; eta EA abstenitu egin zen. Beste testua EAk aurkeztu zuen, eta EAJ-PNV eta EBren aldeko botoa jaso zuen, Gobernu Taldeak eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten eta PP abstenitu egin zen. Oniritzia jaso zuen testua datorren astean izango den Plenoan aztertuko da.

«Euskal gazteriaren sektore bat kriminalizatzeko saioa»
Giza Eskubide Batzordean aurrera egin zuen testuan adierazten da atxiloketa hauek «euskal gazteriaren sektore bat kriminalizatzeko saio baten baitan» ulertu behar direla. Horrekin batera, «atxilotuek jasandako tortura eta tratu txarrak ozen salatzen» dira, eta justizi administrazioari eskatzen zaio «argi ditzala tortura salaketa guztiak, erantzuleak zigortuak izan daitezen». Estatuko gobernuari eskatzen zaio, baita ere, Lege Antiterrorista indargabetu dezala eta atxilotuen inkomunikazioa bertan behera utzi dezala. Bide horretan, adierazten da inkomunikazio egoeran aplikatutako protokoloak ez duela ziurtatzen atxilotuenganako tratu txarrik ez izatea, eta hori dela eta, inkomunikazioarekin bukatzeko eskatzen da. Adierazpenean informazioa ere eskatzen da. Iraitz Santakruz martxoaren 5ean atxilotutako gaztearen kasuan, Ertzaintzari egiten zaio eskaria; eta martxoaren 31n atxilotutako gazteen kasuan, Polizia Nazionalari. Bi kasuetan honako informazioa eskatzen da: inkomunikazioa zergatik aplikatu den azaltzea, zein protokolo aplikatu den azaltzea, protokolo hori nola aplikatu den zehaztea eta grabaziorik izan bada, grabazio horiek ikusi ahal izatea. Adierazpeneko beste puntu batean Auzitegi Nazionalari eskatzen zaio: «tortura eta inkomunikazioa pairatu dituztenen kontrako prozesu judizial guztiak bertan behera utzi eta artxibatzea» eta «Nazio Batuen Asanblada Orokorrak 1975ean hartutako erabakia bete dezala, alegia, torturaren, tratu ankerren edo bihotz-gabeko tratuaren ondorioz egindakoak direla frogatzen diren deklarazioak froga gisa ez erabiltzea». Horrekin batera adierazten da, Auzitegi Nazionalari Nazio Batuek torturari buruz hartutako erabakiak bidaliko zaizkiola, eta betetzea eskatuko zaiola. Erakunde publikoei ere eskatzen zaie Amnesty Internacional eta Human Right Watch nazioarteko erakundeek tortura saihesteko egiten dituzten gomendioak jarrai ditzatela. Bukatzeko, «Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen zaie: Euskal Herriko gartzeletara ekartzea gaur egun beren etxeetatik urrun dauden hernaniar presoak».

«Denon erantzukizuna giza eskubideak defendatzea»
Eusko Alkartasunak aurkeztutako idatzian aipatzen da denon erantzukizuna dela giza eskubideak defendatzea: «giza eskubideen defentsak ezin du eremu ilunik izan, denon erantzukizuna da giza eskubideak defendatzea, eta eskubide hauek urratzen dituztenak justiziaren aurrean zigorrik gabe ez geratzea». Giza eskubideen urraketen aurrean axolagabekeriaz ezin dela jokatu ere aipatzen da «biktima dena dela ere, eta borreroa dena dela ere». Testuinguru honetan, hainbat adierazpen egiten dira idatzian: - Giza eskubideen defentsan konpromezua adieraztea eta hauen urraketa gaitzestea. - Martxoaren 31n atxilotutakoek aurkeztutako tortura salaketen aurrean, justiziak eta admnistrazioak ikerketa egitea, torturak izan direla baieztatzen bada, erantzuleak epaituak izan daitezen. -Erakunde publikoei eskatzea Amnesty International eta Human Right Watch bezalako nazioarteko erakundeek emandako aholkuak jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!