Jiu-Jitsu defentsa pertsonaleko ikastaroa izan zen larunbatean, Lorenzo Sinesio eta Julen Madina irakasleen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 7a, 02:00

JULEN Madinak antolatuta, defentsa pertsonaleko ikastaroa izan zen larunbatean kiroldegian. Ikastaro berezia izan zen, Euskal Herritik etorritako hainbat Jiu-Jitsu klubek parte hartu zutena: besteak beste, Bizkaiakoak, Nafarroakoak eta Gipuzkoako Arrasatekoak. Irakaslea ere berezia izan zen, Julen Madinaz gain, Lorenzo Sinesio irakaslea ere bertan izan baitzen, Madinak bereziki gonbidatuta.


Defentsa pertsonalean aditua den irakaslea
Lorenzo Sinesio defentsa pertsonalean esperientzia haundiko irakaslea da. Kubako selekzioko entrenatzailea izan da, eta gaur egun Federazioko Lehendakaria ere bada. Larunbateko ikastaro berezia Hernanin egiten zen aurrenekoa izan zen, eta Lorenzo Sinesio bertan izatearen arrazoia zen kirol honetan berak duen ikuspuntu berezia; Julen Madinaren esanetan «orain hilabete gutxi ezagutu nuen, Madrilen, eta kirol honen inguruan Sinesiok duen ikuspuntua oso berezia da, ezberdina. Horregatik erabaki nuen ikastaroa bera hemen zela antolatzea».


Gehiago izango dira
Aurrerantzean ikastaro gehiago antolatzeko intentzioa duela adierazi dio Julen Madinak Kronikari «Hernanik oso instalazio onak dauzka eta gainera bai kiroldegiaren, eta baita zuzendari eta zinegotzien baimena dugu. Beraz, aurrerantzean mota honetako ikastaro gehiago egiteko asmoa dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!