Doberak hiru lan talde berri sortuko ditu, lanean arituko direnak elkarteko hiru egitasmo jakinen gainean

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 7a, 02:00

DOBERA Euskara Elkarteak urteko Batzarra egin zuen ostiralean, Dobera eta Hernaniko Kronikako bazkideekin. Batzarraren helburua izan zen besteak beste, bertan bildutakoei aurkeztea 2008ko memoria eta balantzea, eta 2009ko aurrekontuen eta egitasmoen berri ematea; eta bide batez onartzea.


Zuzendaritza berritzea
Zuzendaritzak gai hauen berri eman zuen Batzarrean: Dobera Euskara Elkarteko eta Hernaniko Kronikako 2008-2009ko diru kontuak aurkeztu zituen; elkarteko Estatutuak eguneratu egin direla ere azaldu zuten, gaur egungo legediak agintzen duen moduan; eta Zuzendaritza ere berritu dela adierazi zuten. Zuzendaritzan orain arteko gehienek jarreitzen dute, eta aldaketa bat izango da.


Hiru talde berri
Batzarrean baita ere Doberak lan taldeetan jarraitzeko duen intentzioa azaldu zuen, eta horretarako hiru talde berri sortuko dituztela azaldu zuen: bat 2010ean egingo den Bazkide Kanpainaz arduratuko da; bestea Jolas eta Solas egitasmoaz arduratuko da. Jolas eta Solas egitasmoa ikastetxeetan eskaintzen den zerbitzua da, eta bertan umeek jolas orduan eta jangela orduan euskeraz jolastu eta aritzeko aukera izaten dute. Orain arte Elizatxo, Inmaculada eta Langile daude egitasmoaren barruan. Baina eskaera haunditzen ari da, eta taldea sortuko da horri erantzuna eman ahal izateko. Hirugarren taldea berriz 2 urtez behin egiten den Dobera Sariaz arduratuko da. Datorren urtekoa Vgarren edizioa izango da eta hori prestatzen arituko dira.


Bazkide txartela
Bestalde, Batzarrean jakin arazi zuten udara baino lehen bazkide txartela jarriko dutela martxan. Dobera Euskara Elkarteak eta Hernaniko Kronikak 500 bazkide inguru dituzte, eta batez ere hauek identifikatzeko balio izango du. Honetaz gain, bazkideek deskontuak lortu ahal izango dituzte beste euskara elkarteetan; txartela beste euskara elkarte batzuekin adostutako proiektu bat baita.


Bazkideen partehartzea
Batzarraren amaieran, bertara hurbildutako bazkideak proiektuaren inguruan aritu ziren eta besteak beste, Kronikako kazetariaren lana eta funtzioari buruz hitz egin zuten.


Dobera: «oso ona izan da inguratu zirenen parte hartzea»
OSTEGUNEAN euskarazko zortzi film labur ikusteko aukera izan zen Biterin, Topaguneak eta Doberak antolatuta. Zortzi filmen proiekzioa amaitzean galdera erantzunen tartea izan zen, honako hauek eskutik: Xabier eta Iñaki Zapiain eta Garazi Urdapilleta, P.d. Ondo ibili proiekzioa osatu dutenak. Doberak balorazio ona egin du, bertara hurbildutako jendeak asko hartu baitzuen parte galdera erantzunetan, eta adierazi zuten «bestela ikusi ezin daitezkeen filmak ikusteko aukera ona dela zirkuitua».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!