Kaleak denontzat behar duela: hor ziok Koxka

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 12a, 02:00

Ekhi Zubiria Etxeberria


Talde gaztea da oraindik Koxka Hernaniko Ezindu Fisikoen Elkartea. Sortu berria eta martxa hartzen ari dena. Lehenengo pausuak 2008ko otsailean eman zituen arren, soka luzeagoa du atzetik.

Duela bost urte inguru beraien kasa biltzen hasi ziren Martin Zabalegi, Kike Parra, Goio Irazusta eta Begoña Simon. Kalean ikusten zituzten trabak apuntatu eta udaletxera joaten ziren erreklamatzera; espaloiak aldapa falta duela, pasabidea estuegia dela eta abar. Elkartu Gipuzkoako Ezindu Fisikoen Federazioak lagunduta edota bere bitartekaritza baliatuz egiten zituzten eskaerak. «Denbora batera konturatu ginen lagun talde batek ezin zuela kolektibo bat errepresentatu, horregatik, elkarte bat sortzea pentsatu genuen» dio Begoña Simonek. «Lehen pausua asanblada ireki bat deitzea izan zen. Eta sorpresaz jende dezente azaldu zen».


Eskatu eta eman
Taldearen funtzio nagusia Hernaniko ezindu fisikoak biltzea da, beraien artean elkar ezagutzeko eta antolatzeko. Behin hori lortuta, ekintza batzuk aurrera eramatea errazagoa baita. Adibidez, herrian dauden traba arkitektonikoak konpontzeko eskaerak egin dituzte edo kiroldegia ezinduentzat adaptatzea eskatu dute. Beren helburuetan sartzen da, baita ere, Hernanin egingo diren proiektuei (parkeak, kaleak, kirol instalazioak...) begirada bat ematea, ahal den neurrian ezindu fisikoen baldintzak kontuan hartzeko, eta beharrezkoa bada, aldaketak eskatzeko. Hala ere, «orain arte elkartea eskatu eta eskatu aritu izan da, eta bere betebeharra ematea ere badela iruditzen zaigu» aitortu digu Luis Gorrotxategik, «laguntza eskaini behar diogu ezintasun egoeran dagoenari edo bere ezintasuna onartzen lagundu behar diogu».


Udalarekin eta beste taldeekin harremanak
Elkartea sortu bezain laster udaletxearekin harremanetan jarri ziren. Udaleko aparejadorearekin eta kiroldegiko arduradunarekin kontaktuan daudela aipatu digu Begoñak: «orain arteko harremana ona izan da. Egiten ari garen eskaerei erantzuten ari dira eta pixkanaka aldaketa batzuk egitea lortzen ari gara; adibidez, ume ezinduentzako parke bat adaptatuko omen dute, espaloi eta aldapak errebisatzen ari dira, semaforo akustiko batzuk jartzeko asmoa dagoela dirudi eta abar». Taldekideek aipatu dute, baita ere, aurreko legealdian gobernu taldean zegoen zinegotzi bati herriko oztopoekin osatutako argazki pila bat eman zitzaiola eta zinegotzi honek argazki horiek galdu egin zituela. Herriko beste talde edo proiektuei dagokienez, azpimarratu beharra dago, Topagune Berdean parte hartzen dutela Koxka elkarteko kide batzuk. Udaletxeak gidatutako iniziatiba honek hondakinen kudeaketaz gain mugikortasuna lantzen duelako. Bestalde, Hernanitik kanpo, Elkartu Federazioarekin harremana mantentzen dute. Koxka Elkartearen inguruko pista batzuk emateaz gain, Begoña Simon, Kike Parra eta Luis Gorrotxategik beren esperientzia pertsonala kontatu digute. Elkartearen, Hernaniren eta orokorrean bizitzaren inguruko hiru ikuspuntu desberdin dira.

Kike Parra: «Borroka pertsonala, orain talde baten borroka bihurtu da»

35 urte ditu eta Koxka elkartearen sortzaileetako bat da. Errekara bainatzera joan zen batean, 16 urterekin, uretara buruz salto egin eta buruarekin lurra jo zuen. Harrezkero, gurpildun aulki batean dago.

Nola hasi zineten zuen artean biltzen?
Istripua eduki eta gero, Toledoko paraplegikoen ospitalera eraman ninduten. Han Martin Zabalegi ezagutu nuen eta handik aurrera harreman sendoa izan dugu. Gero, Hernanira etorritakoan, noizbehinka elkartzen hasi ginen Begoña eta Goiorekin batera, gehienbat egunerokotasunak bultzatuta; batek ezin zuela koska bat pasatu, besteak aldapa bat ezin zuela jaitsi heldulekurik gabe eta abar. Gauza horiek apuntatu eta Elkartu federazioaren bidez eskaerak egiten hasi ginen udaletxeari.
Geroago, elkarte bihurtzeko tramiteak egin genituen Hernani mailan antolatzeko eta guk zuzenean udaletxearekin harremana edukitzeko.

Zer da zuretzat Koxka elkartea?
Lehen borroka pertsonal baten antzekoa zen. Orain talde bat gara. Lehen, traba bat ikusten nuenean, nik bakarrik joan behar izaten nuen udaletxera erreklamatzera. Orain guztion trabak zerrendatu eta denok batera joan gaitezke talde moduan. Indar gehiago egin dezakegu horrela. Hortaz aparte, gure artean biltzeko eta antolatzeko balio du Koxkak eta hori eskertzen da.

Oso gaztetan izan zenuen istripua. Zer oroitzapen dituzu ondorengo hilabeteetaz?
Oroitzapen txarrak. Toledoko ospitalean ondo zaude, horrelako kasuentzako prestatuta dagoelako eta han denak zu bezela daudelako. Baina gero, herrira bueltatzean, arraro sentitzen zara. Buruz oso indartsua izan behar duzu egoera berrira egokitzeko eta inguruko jendeak ere asko lagundu behar dizu. Nik horretan zortea izan dut, lagunek, eta batez ere familiak, asko lagundu didatelako.
Niretzat momentu gogorrena Zikuñaga auzotik alde egin behar izatea izan zen. Neukan ezintasunagatik nire blokean igogailu bat jartzea eskatu nuen, baina bizilagun batek ezetz esan zuen. Orduan, juiziotan ibili ondoren, galdu eta beste toki batera bizitzera joan behar izan nuen.

Zein dira zure traba nagusiak?
Gurpildun aulki batean doan batentzat normalean espaloiak eta koskak dira arazo handiena. Baita ere, taberna eta denda askotan ezin sartu ahal izatea sarrerako atea estuegia delako, edota kale adokinatuak.

Begoña Simon: «Lehenengo onartu behar diozu zure buruari ezindua zarela»

45 urte ditu. Infekzio larri baten ondorioz oxigenoa eraman behar du beti ondoan. Egin egunkarian kazetaria zen ezintasunagatik jubilazioa hartu zuen arte.

Zenbat kide ditu Koxkak?
25-30 inguru izango gara. Batzuk ezinduak dira eta beste batzuk ezinduen familiarrak edo lagunak. Ez da baldintzarik bete behar parte hartu ahal izateko. Hala ere, nik uste dut elkartera joan baino lehenago onartu egin behar diozula zure buruari ezindua zarela. Faseak egoten dira, momentuak, nik behintzat hala izan ditut. Onartzen duzunean zure ezintasun egoera, orduan hasten zara mugitzen. Horregatik, seguruenik, Koxkan ez dago hainbeste jende. Eta pixkanaka jendea hurbiltzen hasiko dela iruditzen zait.

Luis Gorrotxategi: «Herria asmatzen dut kalera ateratzen naizen bakoitzean»

60 urte ditu. Pixkanaka ikusmena galtzen hasi zen 1996. urtean, gaitz kroniko bat zela eta. Informatika zerbitzuak ematen zituen enpresa batean egiten zuen lan, eta gaitza hasi eta hiru urtera jubilazioa eman zioten ezintasuna zela medio.

Nola aldatu da zure Hernanirekiko pertzepzioa ikusmena zenuenetik hona?
Nik ez dut kontraste hori oso garbi. Nire prozesua nahiko mantsoa izan da, etengabeko galera bat. Hori da, alde batetik txarra, sufrimendu handia eragiten duelako. Egunero aurrezki kutxan txanpon bat gutxiago edukitzea bezelakoa da. Baina beste aldetik, ez da egun batetik bestera bista galtzea bezala. Ez da hain bat-batekoa.
Nik asmatzen dut herria kalera ateratzen naizen bakoitzean; non dagoen farola, non eskailera eta abar. Egun batean farola lekuz aldatzen badidate se jodió. Herria da zuk imaginatzen duzun bezalakoa. Gero, errealitateak emango dizkizu ostia pare bat noizean behin, adibidez, nire oinetakoak zakur kakaz beteta etxera iristen direnean. Edo espaloietako burnizko piboteekin belauna txikitzen dudanean.

Pertsonalki, zer funtzio betetzen du Koxkak zure bizitzan?
Nire prozesua ez da bukatu, eta nik ez dut sekula onartuko nire ezintasuna. Helburua izango litzateke ezintasun honekin bizitzen ikastea. Muga horretara egokitzea. Orduan, zenbat eta hobeto egokitzen zaren, neurri horretan lortuko duzu bizitzaren zukua ateratzea eta disfrutatzea. Eta hori lortzeko laguntza handia eman dit Koxkak, batez ere, gure artean elkartzeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!