Justu, baina Hernanik mendean hartu zuen atzo Atletico Portuense

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 6a, 02:00

HERNANIK irabazi egin zuen atzo, 17 eta 14, Puerto de Santa Mariatik etorritako Atletico Portuenseren kontra. Hernani Ohorezko A mailara igotzeko fasea ari da jokatzen eta Atletico Portuenseren kontrako bi partidu jokatu behar ditu, joan eta etorrikoa. Aurreneko partidua, atzokoa, irabazi egin dute etxekoek, eta Cadizen emaitza bera lortuz gero, igotzeko bidean izango lirateke hernaniarrak.

Partidu berdindua
Atzoko partidua oso berdindua izan zen, eta taldeko arduradunen esanetan, joko aldetik bi taldeak antzeko ibili ziren. Huts egiteak izan ziren atzoko partiduko klabea, maila hauetan edozein akats baliatzen baitu aurkariak markagailuan puntuak eskuratzeko. Atzokoan ere horrela izan zen, eta Hernanik defentsan egindako bi huts egiterengatik lortu zuen Atletiko Portuensek bi entsegu egitea. Bi entsegu horiek gauzatzea lortu zuten, gainera. Hernanik partiduko aurreneko zatian lortu zuen aurreneko entsegua, Igor Etxeberriaren eskutik. Partiduko bigarren zatian Hernanik beste bi entsegu egin zituen, Haritz Mitxelena eta Harkaitz Otañoren eskutik. Hiru entseguetan bakarra gauzatu zuen Hernanik, bigarrena.

Hurrengo partidua Cadizen,
10.000 euroko aurrekontuarekin

Igoera Faseko hurrengo partidua Cadizen jokatuko du Hernanik, Atletico Portuenseren kontra, baita ere. Igoera Fasea Ohorezko B mailako bi multzoetan, iparraldekoan eta hegoaldekoan, aurrena geratu diren taldeen artean ari da jokatzen. Hernani iparraldeko multzoko bigarren sailkatu da, eta Igoera Fasea, hegoaldeko multzoan aurrena geratu den taldearekin ari da jokatzen, joan eta etorrian. Aurrenekoa atzokoa izan zen eta hurrengoa Cadizen jokatu du apirilaren 19an. Cadizera joan ahal izateko ordea, Hernanik 10.000 euro bildu behar ditu, gutxi gorabehera. Dirua lortzeko mariskada egin dute asteburuan, eta pozik daude, izan ere 3.000 txartel saldu baitituzte. Bestalde, atzo Landare jendez gainezka zegoen, eta sarrerak kontuan hartuta beste diru pixka bat ere atera zuten. Errugbi taldeak eskerrak eman nahi dizkie modu batera edo bestera laguntza eman duten herritar guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!