Aiako Harria Parke Naturala ezagutzeko liburua eta joko interaktiboa argitaratu du Foru Aldundiak

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 5a, 02:00

BASOKO Heroiak izenburuarekin liburua eta CDa argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Liburuxka eta CD interaktiboaren helburua da Aiako Harria Parke Naturalean dagoen natur ondarea ezagutaraztea eta inguru horiek hobetze aldera egin diren ekimenak ezagutzera ematea. Liburua eta jokoak dituen CDa lehen eta bigarren hezkuntzako haurrentzako osatu dute eta Hernani, Irun, Oiartzun eta Errenteriko eskoletan banatuko dute, Eskola Agenda 21 ekimenaren bidez, guztira 1.250 ale.

Parkea ezagutu jolasen bidez
Basoko Heroiak liburuak CD bat dakarki eta bertan Aiako Harria parkean girotutako jokoak daude. Haurrek hainbat klabe asmatu beharko dituzte eta klabe bakoitzak abentura baterako atea irekitzen du. Abenturetan barrena animaliak eta landareak agertuko dira hizketan eta jolasean. Aiako Harrian aurkitu daitezkeen animalien zerrenda bat ere badakarki CDak eta haien gainean klik eginez gero beren soinu eta hotsak entzun ahal izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!