GORENGOEN mailan Hernanik 0 eta 1 irabazi zuen atzo Astigarragako Mundarroren kontra jokatutako derbia. Partidu estua izan zen atzokoa, oso borrokatua eta Mundarro eta Hernanik txandaka izan zuten partiduko nagusitasuna. Gola aurreneko zatiko 25garren minutuan sartu zuten txuri berdeek, nahiko jokaldi nahasian. Olasagastik kornerretik botatako baloia, Aginagaldek errematatzea lortu zuen, Mundarroko atezainaren huts egitea tarteko. Hernanik izan zuen bigarren golerako aukera, partidua bukatzeko 10 minutu falta zirenean, txuri berdeen aldeko penaltia pitatu baitzuen arbitroak. Azkenean, baloia goitik joan zitzaien. Garaipen honekin Hernanik hiru puntu eskuratu ditu, eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du. Liga bukatzeko sei partidu falta zaizkio orain Hernaniri. Adi ibili beharko dute bigarren postuari eutsi eta Igoera Fasea jokatu nahi badute.
Emakumezkoen Ligan, Hernani-Lazkao gaur
Emakumezkoen Ligan Hernani Igoera Fasea ari da jokatzen. Hernani sailkapeneko bosgarren postuan dijoa eta dagoeneko galdu ditu aukerak mailaz igotzeko. Hemendik aurrerako partiduak datorren denboraldia prestatzeko erabiliko dituzte.