Gazte Asanbladak elkartasuna adierazi die atxilotutako gazteei eta haien senideei

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 5a, 02:00

HERNANIKO Gazte Asanbladak, idatzi baten bidez, elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan die astearte goizaldean atxilotutako 8 gazteei eta haien senideei. Gazte Asanbladaren iritzira «argi dago gazte hauek herriaren alde egindako lanagatik eta jendarte justuago bat lortzeko ahaleginagatik atxilotu dituztela». Horrekin batera salatu nahi izan du «Polizia Nazionalak egun hauetan erregistro ezberdinetan izandako jarrera, eta komunikabideek informazioari emandako trataera desegokia». Azpimarratu dute, guzti honen helburua dela «Hernaniko gazte mugimendua kriminalizatzea, gazteen artean izua zabaltzea eta gazte pasiboak izatea bultzatzea». Aipatu dute «helburu hauek lortzeko asmotan sartu direla Kontrakantxa Gaztetxera ere, gazteok gure ekimenak aurrera ateratzeko erabiltzen dugun gune irekira». Lanean jarraitu Bukatzeko garbi utzi nahi izan dute «ekintza guzti hauekin ez dutela lortuko Hernaniko gazteria geldiaraztea. Lanean jarraituko dugu oztopo guztien gainetik. Eutsi gogor!».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!