Extremadurako kutixiak eta folklorea bertatik bertara

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 4a, 02:00

EXTREMADURAKO paisaia eta bazterrak ezagutu, bertako gozoak, txorizoa, odolkia, gazta eta ardo bikaina probatu, eta musika eta dantzarekin asteburu atsegina pasatzeko aukera izango da herrian; gaur eta bihar Extremaduraren inguruko XVIIgarren Jardunaldiak izango baitira. Jardunaldiak Donostian dagoen Extremadurako zentroak antolatzen ditu. Gipuzkoa mailan dagoen zentro nagusia da, eta aurten gainera 30garren urteurrena betetzen du. Bertan bildu izan dira ordutik ona, bere garaian Extremaduratik Gipuzkoara etorri behar izan zutenak, familiarekin, hango ohiturak mantedu eta herrikideekin biltzeko.

Gaur ikus-entzunezko proiekzioa Biterin
Jaialdia gaur arratsaldean hasiko da, Biteri kultur etxean izango den ikus-entzunezko emanaldiarekin. Bertan, Extremadura irudi bidez ezagutzeko aukera bikaina izango da, herrialde historiko honek dituen paisaia, monumentu eta txokoak erakutsiko baitituzte, besteak beste. Gaur 19:30etan.

Bihar egun haundia, goizetik hasita
Bihar egun haundia izango da herrian bizi diren Extremadurako guztientzat. Batez ere, bertan jaio eta askotan joateko aukera ez duen jendearentzat. Hala ere, festaren helburua da, baita ere, Extremadurako berri ematea hernaniarrei eta bertara hurbiltzen direnei. Atsegindegiko plazara goizeko 10:00ak inguruan hurbiltzen direnek Extremadurako jaki gastronomikoen erakusketa izango dute. Bertako produktuak diren txorizoa, odolkia, ardoa eta abar dastatu eta erosteko aukera izango dute. Honez gain, esku langintzako erakusketa ere izango da Las Hurdeseko eta Guadalupeko esku langileen eskutik. Postu bat ere izango da Extremadurari buruzkoa, bertako turismoari buruzko liburu eta propagandarekin. Bazkaldu aurretik eta ostean berriz, 13:00etan eta 17:30etan dantza emanaldiak izango dira, Donostiako Extremadura Zentroko Virgen de Guadalupe taldearen eskutik.

wEgitaraua
LARUNBATA

19:30etan. Extremadurari buruzko bideoak.
IGANDEA
10:00etan. Extremadurako jaki gastronomikoen erakusketa. Las Hurdeseko eta Guadalupeko esku langintzako erakusketa. Liburuen postua eta turismo propaganda.
13:00etan eta 17:30etan. Donostiako Extremadurar Zentroko Virgen de Guadalupe dantza taldearen emanaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!