GAZTE Eguna izango da gaur Hernanin, eta egun honen bueltan, eguerditik aurrera hainbat ekitaldi izango dira herrian, jaia eta aldarrikapena uztartuta.
Egitaraua
Gazte Eguna, Tilosetan, eguerdiko 12:30etan botako den txupinazioarekin hasiko da. Ondoren, eguerdiko 13:00ak aldera, bertso poteoa izango da herrian zehar. Eguerdiko 14:00etan barrikote herrikoia antolatu dute Tilosetan. Antolatzaileek jakinarazi dute bazkarirako txartelak 10 eurotan jarri dituztela salgai Garin tabernan, eta azkeneko momentura arte izango dela erosteko aukera. Arratsaldeko 18:30etan, kontzertuak izango dira Tilosetan, Rockerrenak, Bisai eta Amaiur taldeekin. Gauerditik aurrera DJ Bull izango da musika jartzen.
Horrez gain, egun osoan zehar, txosna izango da Tilosetan.
Parte hartzeko deia
Gazte Egunaren antolatzaileek dei egin dute gaurko eguneko ekitaldietan parte hartzeko, «ez bakarrik gazteei, herri guztiari egiten diogu dei parte hartzeko, azken atxiloketa eta gertakarien aurrean denek bat egitea garrantzizkoa baita» azaldu dute. Horrez gain, aipatu dute garrantzitsua dela «egungo egoera politikoaren aurrean independentzia eta sozialismoa aldarrikatzea, bai gaurko egunean eta baita gure eguneroko jardueran ere».