IRITSI da urte guzti hauetako eta batez ere denboraldi honetan egindako lan guztia saritua ikusteko garaia. Bihar Ohorezko A Mailara (Estatu mailan altuena) igotzeko promozioko partidua jokatuko du Hernanik, Puerto de Santa Mariatik etorriko den Atletico Portuenseren kontra. Partidua eguerdiko 12:00etan izango da, Landaren.
Hasteko, joan etorriko
partiduak
Igoera lortzeko Hernanik hainbat partidu jokatu beharko ditu. Lehenengoa asteburu honetan izango da, Atletico Portuenseren kontra. Igoera promozioa Estatuan Ohorezko B mailan dauden bi multzoen artean jokatzen da: iparraldekoa eta hegoaldekoa. Iparraldeko multzoan Gernika geratu da aurrenekoa eta Hernani bigarren. Hegoaldekoan berriz, Atletico Portuense izan da aurrenekoa eta Madrilgo Alcobendas bigarren. Igoera promozioa iparraldeko aurrenekoak hegoaldeko bigarrenaren kontra jokatzen du, eta iparraldeko bigarrenak (Hernanik) hegoaldeko aurrenaren kontra. Promozioa bi partidutara jokatzen da, joan etorrian, eta Hernanik lehenengoa etxean izango du, bihar.
Bi multzoen arteko lau partiduak jokatu ondoren, irabazi duten bi taldeek euren artean jokatuko dute beste partidu bat, eta hori irabazten duenak zuzenean lortuko du Ohorezko A mailarako pasea. Galtzen duenak berriz, Ohorezko A mailan azkenaurrena geratu denaren kontra jokatu beharko du, eta hari irabaziz gero igoko da.
«Herriko jokalariekin
osatutako taldea»
Asteazkenean Landaren izan zen prentsaurrekoan Rafa Larretxeak adierazi zuen Hernanik igoera lortzeko duen guztia emango duela «bai jokalariak eta bai partiduro Landarera hurbiltzen diren zaletuak saritzeko».
Prentsaurrekoan baita ere, Rafa Larretxeak azpimarratu zuen Hernaniko errugbi taldeak duen meritua: «Ohorezko B mailan 16 talde aritzen dira, eta horietatik bat bera ere ez dago etxeko jokalariekin osatua. Gurean ordea, bat izan ezik, beste guztiak harrobiko jokalariak dira». Joxe Elosegi lehen taldeko entrenatzaileak esan zuenez, beste taldeen atzerritar kopurua nabarmena izaten da: «gainerako taldeetan, atzerritarren media 6 jokalari ingurukoa da».
Taldearen sasoiari buruz ere hitz egin zuen lehen entrenatzaileak eta adierazi zuen, Hernani azken urteetan erakusten ari den maila ona, ez dela generazio on batek eragina, baizik eta maila guztietan oso jokalari onak daudela: «Hernanik azken urteetan erakutsi duen maila ez da generazio on baten kontua izan. Atzetik datozen jokalariak ere oso onak dira, eta pixkanaka maila mantendu beharrean, urtetik urtera hobetzen ari gara».
Biharko partiduari begira, jokalariak konfiantzarekin daudela adierazi zuen Joxe Elosegik: «azken partiduak ondo jokatu ditugu, dakiguna zelaian ondo erakutsiz, eta horrek taldearen ilusioa eta konfiantza sendotzen lagundu du; beraz, igotzea posible dela uste dugu, lortu dezakegula».
Igoera gauzatzen bada ere herriko jokalariekin jarraitzea dutela helburu adierazi zuen Joxe Elosegik «taldearen filosofia herriko edo harrobiko jokalariekin jokatzea da. Egia da igoko bagina postu batzuk sendotu beharko genituzkeela, baina taldearen oinarriek berdin jarraituko dute».
Cadizera bidaia 10.000 euro
Atletico de Portuenseren kontrako bigarren partidua Cadizen izango da, eta bidai osorako, taldeak 10.000 euro inguru beharko dituela kalkulatu dute. Bidaia hegazkinez egingo dute, taldeak ahalik eta neke gutxien nabaritzeko. Horregatik, eta oraindik esponsorrik ez dutelako, dirua lortzeko mariskada baten zozketarako txartelak saltzen ibiliko dira gaur arratsaldean, Kaxkoan zehar. Biharko partidurako sarrera berriz 5 euro kobratuko dute. Modu honetara, gastu hauei aurre egiteko 10.000 euroak ez dituzte lortuko, baina sos batzuk ateratzeko balio izango dute.