GAZTE Eguna izango da bihar Hernanin. Eguerditik hasi eta egun osoan zehar ekitaldiak izango dira herrian eta deia egin dute bai gazteei eta baita herritar guztiei ere parte hartzeko. Antolatzaileen esanetan, garrantzizkoa da «azkeneko atxiloketen aurrean indarrak bildu eta denek bat egitea».
Txupinazoa, bazkaria eta
kontzertuak
Gazte Eguna bihar eguerdian hasiko da, 12:30etan botako den txupinazoarekin. Eguerdiko 13:00etan bertso poteoa izango da herrian zehar eta 14:00etan barrikote herrikoia, Tilosetan. Bazkarirako txartelak salgai daude Garin tabernan, 10 eurotan, eta jakinarazi dute azkeneko momentura arte izango dela erosteko aukera.
Arratsaldeko 18:30etan, kontzertuak hasiko dira Tilosetan, Rockerrenak, Bisai eta Amaiur taldeekin. Gauerditik aurrera, DJ Bull izango da musika jartzen.
Eguneroko lana
«Bizi dugun egoera politikoaren aurrean independentzia eta sozialismoa aldarrikatzea» garrantzizkotzat jo dute Gazte Egunaren antolatzaileek: «Euskal Herriak jasaten dituen erasoen aurrean, bakoitzak bere esparrutik independentziara heltzeko lanean jarraitzeko» beharra ere azpimarratu dute.