Inkomunikazioarekin bukatzeko eskatu dute atxilotuen senideek eta salatu dute atxiloketak egiteko modua

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 3a, 02:00

ASTEARTE goizaldean atxilotutako 8 gazteen senideek prentsaurrekoa eman zuten atzo, bertan beren kezka agertu zuten. 8 gazteak inkomunikatuta jarraitzen dute eta beldur dira jasotzen ariko diren tratuagatik: «oso kezkatuta gaude inkomunikazioa ahalbideratzen duen egungo legediaren aplikazioarekin, eta kezkatuta gaude gure senideen inkomunikazioak eta aplikatzen diren legeek eragiten duten babes ezagatik eta inpunitatean jasotzen ari diren tratuagatik». Adierazi zuten, «beste hainbat gaztek tortura eta indarkeria jasan dituztela», eta hori berretsi dutela Nazio Batuen giza eskubideen batzordeak eta giza eskubideen hainbat errelatorek, «Tom Bonn-ek 2003an, Manfres Nowackek 2008an eta Martin Scheinin-ek 2009an». Hori dela-eta eskatu zuten «inongo atxiloturi inoiz inkomunikazioa ez aplikatzea».

Atxiloketak egiteko modua
Atxiloketak egiteko modua ere salatu zuten atzo atxilotuen senideek: «gauez, gure etxeetan eta herrian beldurra zabalduz. Oso gaizkile arriskutsuen aurkako operazio baten aurrean gaudela adierazi nahi izan dute, Espainiako iritzi publikoaren amorru gosea ase nahian eta gure senideak ‘truke txanpon’ gisa erabiliz».

«Erru bakarra gazte izatea»
Senideek adierazi zuten ez dutela dudarik egiten atxilotuak errugabeak direla: «ez ditugu bost egun behar, ezta bost segundo ere jakiteko gure senideak errugabeak direla. Ondo ezagutzen ditugu eta badakigu ez diotela inori kalterik egin, ezta egingo ere. Are gehiago, ziur gaude euren erru bakarra gazte izatea dela, sistema gaizto honi aurre egitea eta gizarte hobea bilatzen saiatzea».

Arartekoarekin bilera eskatu dute
Prentsaurrekoarekin jakinarazi zutenez, Arartekoarekin bilera eskatu dute atxilotuen senideek eta adierazi dute: «atxilotuak etxean izan arte ahal dugun guztia egiten jarraituko dugu». Atxilotuetako bat ospitalera eraman dute Bestalde, asteazkeneko Giza Eskubide Batzordean, Mikel Gartziaren senitartekoek jakinarazi zuten Mikel Gartzia ospitalean izan dela, antsietate krisiak eraginda. Batzorde berean salatu zuten, «inolako probarik gabe eta akusazio zehatzik gabe» atxilotu dituztela. Senideetako batzuek salatu zuten, baita ere, miaketak egiteko garaian ez zitzaiela utzi bertan egoten, eta hori dela eta, «ez dakitela zehazki zer eraman zuten eta zer ez».

Manifestazioa gaur
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak manifestazioa deitu du gaurko. Arratsaldeko 20:00etan, Plazatik abiatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!