Atxilotuen giza eskubideak errespetatzeko eskatuz idatzia onartu zuen atzo Udalak

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 2a, 02:00

GIZA Eskubide Batzordea izan zen atzo udaletxean, astearte goizaldean izandako atxiloketa eta miaketen inguruko udalaren adierazpena eztabaidatu eta adosteko. Giza Eskubide Batzordean ordezkari politikoetaz gain, atxilotutakoen senideak, lagunak eta beste hainbat herritar bildu ziren. Joan den abenduaren 18an torturen inguruko mozio bat onartu zen Plenoan. Mozio horrek zioen, besteak beste, herritar bat inkomunikazio egoeran egonez gero Giza Eskubideen aldeko testu bat adosten saiatuko zirela alderdi ezberdinak. Atzoko Giza Eskubide Batzordean bi testu aurkeztu ziren: bata Gobernu taldeak aurkeztu zuen eta bestea EAk. EBko ordezkariak Gobernu Taldeak aurkeztutako testuaren alde egin zuen, baina puntu bat moldatzea eskatu zuen. Aldaketa hori kontuan hartuta bozkatu eta onartu egin zen. Bozketan, Gobernu taldeak, EAJ-PNVk eta EBk alde bozkatu zuten; PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten; eta EA abstenitu egin zen. EAk aurkeztutako testuak ez zuen aurrera egin.

Adierazpenaren edukia
Giza Eskubide Batzordean onartutako testuan Udalak kezka agertzen du «atxilotutako 8 gazteak bizitzen ariko diren egoeraren inguruan» eta eskatzen da inkomunikazio egoerarekin bukatzeko. Eskatzen da, baita ere, atxilotutakoen giza eskubide guztiak bermatzea; eta salatzen da informazio falta «ez familiek ez abokatuek ez baitute beraien egoeraren berri». Horrekin batera eskatzen da, «lehen bailehen informazioa emateko senideen sufrimendua ez haunditzeko». Auzitegi Nazionala «auzitegi berezia den neurrian» desagertzeko eskaria ere egiten da idatzian, eta eskatzen da baita ere atxilotuak epaitegi horretara ez eramatea. Bukatzeko, idatzian, elkartasuna eta babesa adierazten zaie atxilotuen senide eta lagunei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!