AMNISTIAREN Aldeko Mugimenduak euskal presoen aldeko ekimen berri bat jarri du martxan. Ekimen honen helburua da, alde batetik, talde eta norbanakoekin biltzea, espetxe politikaren berri eta euskal presoen egoeraren berri emateko, eta aldi berean, konpromisoak eskatzeko. Beste alde batetik, euskal presoen eskubideen aldeko firma bilketa bat jarri dute martxan. Firmak bilduta, asmoa dute udaletxeetan eta parlamentuan mozioak eta eskariak aurkeztea. Hernanin firma emateko paperak Garin tabernan jarri dituzte.
«Salbuespen
egoeran sakondu»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren iritzira, espainiar eta frantziar estatuek «bizi dugun gatazka politikoa iraunarazi eta, luzatzeko egin duten apustua ez da berria. Demokrazia formalaren arauak hankaz gora jarri dituzte, salbuespen egoeran sakonduz».
Gogorarazi dute aurten betetzen direla 20 urte dispertsioa martxan jarri zela, «honek dakarren eskubide urraketekin: urruntzea, bakardadea eta isolamendua». Azpimarratu du, dispertsioak ez diola presoari bakarrik eragiten, baita senide eta lagunei ere.
Espetxe politikan
urrats berriak
Espetxe politikaren «gordintasunean urrats berriak eman» direla ere salatu du AAMk: «bizi arteko espetxe zigorra inposatu dute (Frantzian perpetua eta Espainian 40 urteko kondena gorena). Doktrina berriak asmatu dituzte, kondena beteta duten presoei zein kondizionalean kalera atera beharko luketenei askatasunerako bidea ukatzeko».
Kaleratu dituzten euskal presoei «Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea baldintzatu» dietela eta «gaixo dauden presoak heriotza zigorrera kondenatzen» dituztela ere salatu du AAMk.
Firma bilketan egingo
diren eskariak
Egoera hau gizarteratzeko firmak bilduko ditu AAMk, udaletxean mozio bat aurkeztu eta parlamentuan eskariak aurkezteko. Hona hemen eskatuko dena:
• «Euskal presoei aplikatzen dieten politika penitentziarioa amaitu dadila. Sakabanaketa sustatu dutenek, indargabetu dezatela».
• «Gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak berehala eta baldintzarik gabe aska ditzatela».
• «Biziarteko espetxe zigorra indargabetu dadila: kondena beteta duten presoak aska ditzatela; kondizionalean dauden presoak ere aska ditzatela; kaleratuko dituzten euskal presoen Euskal Herrian libre eta baldintzarik gabe bizitzeko eskubidea errespetatu dezatela».
• «Euskal Preso Politikoak, dagozkien eskubideen jabe, Euskal Herriratuak izan daitezela».
AMMk herritarrak animatu ditu sinadura ematera.