Euskeraz egindako zinea ikusteko aukera izango da gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 2a, 02:00

ZORTZI pelikula labur ikusteko aukera izango da gaur Biteri kultur etxean, Film Laburren 6garren zirkuitoaren barruan. Zirkuitoa Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatu du, eta Dobera euskara elkarteak ekarri du Hernanira. Zirkuitoa martxan jarri zenetik, zortzi pelikula labur hauek herriz herri ibili dira. Emanaldia gaur arratsaldeko 19:30etan izango da Biterin. Sarrerak 3 euro balio du. Pelikulen proiekzioa bukatzean, aurkeztuko diren zortzi laburretako baten egileak izango dira azalpenak ematen eta galderak erantzuten. Zehazki P.D. Ondo Ibili laburra osatu duen lan taldeko, Xabier Zapirain, Iñaki Zapirain eta Garazi Urdanpilleta izango dira Hernanin.

‘P.D Ondo ibili’: egun bakarrean egindako laburra
Gaurko proiekzioari aurrea hartuta, Hernaniko Kronikak Iñaki Zapirain errenteriarrarekin hitz egin du, berak eta Yera Sanchez, Xabier Zapirain, Maite Leizaola, Muxi Lopetegi eta Garazi Urdanpilletak lantaldean egindako P.D. Ondo Ibili laburrari buruz zerbait gehiago jakiteko asmoz. Azaldutakoaren arabera, gaur aurkeztuko duten laburra egun bakarrean egin zuten: «azken urteetan Topaguneak antolatutako Kameratoian eta bestelako lehiaketetan hartu izan dugu parte. Iazko Kameratoian egin genuen labur hau. Kameratoietan, Topaguneak gai bat jartzen du eta egun batean egin behar duzu laburra. Labur honekin hirugarren postua lortu genuen, iaz; eta aurtengo Film Laburren Zirkuitoan jartzeko aukeratu zuten laburra. Egia esan oso pozik gaude». Iñaki Zapirainek azaldutakoaren arabera, gaur egun erraztasun haundiak daude horrelako proiektuak aurrera ateratzeko: «bideo kamara txiki batekin eta ordenagailu batekin labur bat egin dezakezu, ideia ona izanez gero». P.D. Ondo Ibili laburra PuntutapArte izeneko lantaldean osatu dute, Arte Ederretan osatu zuten Daltoniko Animoak izeneko kolektibotik sortu zena. Kolektiboa sortu zenetik gaur egundaino labur bat baino gehiago egin dituzte: Marra urdinen bitartez (2006); 2,33 (2007); Intxortarat (2007); Beste aldean (2008) eta Biontzat (2008). Egindako laburrekin sari bat baino gehiago irabazi ditu lantaldeak, eta denbora izanez gero, ez dute baztertzen produkzio lan haundiagoko laburren bat egitea.

Gaur ikusi ahal izango diren zortzi laburrak:
• KABIA.
Sinopsia: Bakarrik egon eta hutsune hori betetzen duen norbait bilatu. Pertsona asko ezagutu baina ez zuk nahi duzuna. Bakardadea gero eta haundiagoa da, perfekzioa lortzeko ezintasuna bezala. Baina hainbeste bilatu ondoren, perfekzioa esistitzen ez bada?
• LO BAKARRIK
Sinopsia: Bakarrik lo egitearen eta lo bakarrik egitearen artean, badago aldea. Insomnioak jotako emakume honek dena probatu du, eta hala ere ezin. Ezagutzen du inork lokartzeko moduren bat, hutsik egiten ez duena? Film labur honen protagonista prest dago edozertarako.
• MUSIKA
Sinopsia: Haur batek errespetua zer den ikasiko du, miresmenaren bitartez.
• BERDE
Sinopsia: Bikote bat lagun afari batera doa kotxean....
• EGIATIK GEZURREZKO BIZITZARA
Sinopsia: Gazte bat bere patuari azalpena aurkitu nahian dabil. Egia aurkitzeko loturak bilatu behar dira.
• POEMA BATEN IRAKURKETA EUSKAL HERRIAN
Sinopsia: «Ezer ez da aldatu. Gorputza mingarria da; jan egin behar du, lo egin behar du, arnasa hartu». Horrela hasten da Wislawa Symbroska idazle poloniarrak idatzitako poema, eta horrela hasten dira irakurtzen ere azken hamarkadeten torturak jasan dituzten hainbat euskal herritar. Torturaren Aurkako Taldeak ekoiztutako sormeneko lana da labur hau.
• P.D. ONDO IBILI
Sinopsia: Leirek munduari bira eman nahi dio, baina ezin du. Hortaz, irudimena erabiliko du bisitatu nahi dituen hiriak Donostian bertan aurkitzeko.
• BANKUAREN LAPURRETA
Sinopsia: Hiru mafiosok banku bat lapurtu nahi dute eta horretarako plan ‘eraginkor’ bat jarriko dute martxan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!