Zaborren tratamenduari buruzko hitzaldia bihar eta bilera larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 31a, 02:00

TOPAGUNE Berdea egitasmoaren barruan aste honetan bi deialdi izango dira. Aurrenekoa bihar izango da zaborren tratamenduari buruzko hitzaldia emango baitute Jordi Colomerrek eta Ricardo Ortegak. Jordi Colomer herrialde katalanetako hainbat herritan zaborrak bildu eta tratatzeko modu alternatiboak gertutik ezagutzen ditu, besteak beste, atez-ateko bilketa eta konpostajea. Ricardo Ortega San Markos Mankomunitateko lehendakaria da eta zaborra atez-ate biltzea bultzatzen ari da. Hitzaldia bihar, arratsaldeko 20:00etan izango da, Biteri kultur etxean.

Bilera larunbatean
Aste honetako bigarren hitzordua larunbateko bilera izango da. Bileran, orain artean egindako lanari jarraipena emango diote. Bilera irekia da eta parte hartzera animatzen direnen artean bi talde osatuko dituzte. Talde batek zaborren gaia landuko du eta besteak mugikortasunarena (oinezkoak, kotxeak, ezinduak, ikasleak, gurasoak, haurrak ... herrian barrena eroso ibiltzeko zein urrats eman daitezkeen, alegia). Bileran Hernaniko Udalak gai hauen inguruan dituen asmoak azalduko ditu eta Topagune Berdea foroaren zeregina zehaztuko da. Bilera, larunbatean izango da, goizeko 10:00etan, Biteri kultur etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!