martinez de Irujo eta Goñi III dira binakako txapeldun berriak, atzo Atano IIIa pelotalekuan Olaizola II eta Mendizabal IIaren kontra 22-21 irabazi eta gero. Partidu ikusgarria izan zen, egindako 31 tanto eta galdutako 12 izan zituena, eta punta-puntako jokua azaldu zuten denek.
Elkarri gaina hartu ezinda
Hiru zati nagusi izan zituen partiduak: lehendabizikoan urdinak (Irujo eta Goñi III) izan ziren nagusi; bigarrenean gorrien (Olaizola II eta Mendizabal II) erremontada etorri zen; eta bukaera izan zuen emozio haundienekoa, pelotariak elkarri gaina hartu ezinda ibili baitziren. 19-20koan aurreratu ziren lehenengoz gorriak, 21-20 berriz urdinak jarri ziren aurretik, eta 21-21ekoan Irujok txapa azpira bota eta gero, 22-21ekoa Goñi IIIari aldegindako txapagain baten bitartez etorri zen.
Egindako 31 tantu
Bi aurrelariek asmatu zuten euren terrenoan, eta elkarri min egin zioten. Irujok 15 tanto egin zituen eta Olaizola IIak 13; sakez bana. Bestalde, galdutakoak oso gutxi izan ziren, 12 guztira, eta gehienak Irujok galdu zituen, 6 guztira. Mendizabal IIak eta Olaizola IIak hiruna galdu zituzten.
Bi txapelketa, bi final
Mendizabal IIak eta Olaizola IIak bikote bikaina osatzen dute, eta elkarrekin jokatutako bi txapelketetan finalera iritsi dira. Aurrera ere, elkarrekin gustora jokatuko luketela adierazi zuten atzo, prentsaurrekoan.
Atzo ere hernaniar eta goizuetar asko izan ziren Atanon, eta euren herritarrek irabazi ez arren, gustora geratzeko moduko partidua ikusita bueltatu ziren etxera.