‘Pika eta ebats’ , bi asteko dantza festa

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 28a, 01:00

Dantzari Festa Hernanin. Txotx denboraldia hastearekin batera, Hernanin ez da asteburu lasai bakar baterako ere tarterik gelditzen. Sagardotegiek sortutako mugimenduari lotuta beste hainbat parranda sortzen dira herrian. Neguari agur esan eta udaberriari ongi etorria egiteko prestatzen garenean betetzen ditugu benetan asteburuak. Horrela, herriko txoko guztiak jendez lepo bete eta giroz blai bustitzen dira. Jai giro horri loturik, eta jantzien koloreekin eta oinen pausu arinekin asteburu pare bat alaitzeko asmoarekin, aurten ere iritsi da Dantzari Festa Hernanira.

Dantzaren inguruko festa hau, Dantzari Egun gisa sortu zen duela 14 urte. Gaur egun berriz, aste oso bat eta bi asteburu hartzen dituen jaialdia da, gero eta jende eta partaide gehiago animatzen duena. Urtez urte dantzara gerturatu diren taldeak ere areagotu egin dira, eta aurtengoan 14 talde gerturatuko dira Lapurditik, Nafarroatik, Arabatik, Bizkaitik, eta Gipuzkoatik. Gaurkoa du Dantzari Festak egun garrantzitsuenetako bat. Azken batean, jaialdiaren xede nagusia jendeari Euskal Herriko txoko guztietako dantzak erakustea baita. Egun guztian zehar arituko dira 14 dantza taldeak Hernaniko auzo eta kale guztietan barrena dantzan, nork bere herrikoak erakutsiz. Maskarada dela eta, aurten Zuberoako dantza taldeak etortzerik izan ez badu ere, talde gipuzkoar bat arduratuko da Zuberoako dantzak erakusten. Bestalde, Lapurditik datozen bi taldeetako batek Nafarroa Beherako dantzak egingo ditu. Modu honetan, Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzekin gozatzeko aukera izango dugu gaurkoan.

Lan askoren fruitua

Aste oso batez herria kolorez, jantzi bereziz, doinu alai eta gozoez eta oin arinen mugimendu bizkorrez betetzea ez da lan makala. Horretaz ondo baino hobeto dakite jaialdia antolatzeko lanetan ibili diren taldekideek: Pepi Arrozpide, Antonio Arabiotorre, Boni Agirresarobe, Joxerra Ansorena, Libe Oñate, Mikel Lujanbio eta Jon Oñate dira antolatzaileak, hain zuzen ere. Urtarrilean bertan hasten dira lehen bilerak egiten, Gabonetako oporrak bukatu bezain laster. Jaialdirako egunak zehaztu, egitaraua antolatu eta dantza-talde guztiekin hitz egiten hasten dira, guztientzat egokiena izan daitekeen data zehazteko. Horren segidan baina, lanik gogorrena eta zailenaren txanda da: diru-bilketa. Aurten krisi famatua nabaritu dutela diote antolatzaileek, baina beste behin ere laguntza ederra jaso dutela azpimarratu dute. Hernaniko enpresa. sagardotegi, taberna eta denda txikiek izugarri laguntzen dietela azpimarratzen dute, eta beren esker ona helarazi nahi diete. Bestalde, hainbat boluntariok egiten duten lan handia ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, Dantzari Festak, aurrez antolatu beharraz gain, egunean bertan beste hainbat egin beharreko ekartzen ditu. Gaurkoan Hernaniko kale guztiak alaituko dituzten 14 dantza taldeetako gehienek adibidez, ez dute herria ezagutzen, eta beraiekin egongo den herriko jendea behar izaten da. Horrekin batera, Hernaniko auzoetako elkarte eta soziedadeek ere beren laguntza eskaintzen dute, dantza-talde horietako jendea hartu eta hamaiketako bat eskaintzeko. Bazkaria egin eta zerbitzatzeko ere jendea behar izaten da. Dudarik gabe herri osoa inplikatzen dela diote antolatzaileek, eta benetan eskertzen dute, guztien lanaren fruitu baita Dantzari Festa.

14 urtetako ibilbidea

Aurtengo Dantzari Festak 14. edizioa betetzen du, eta urte hauetan guztietan jaialdia dezente aldatu dela diote antolatzaileek, oinarria behin ere galdu gabe noski: euskal dantzak plazaratzea. San Joanetako Jai Batzordean aritzen zirela, Hernanin dantzari egun bat antolatzeko asmoaz hitz egin zion Luis Parrondok Pepi Errozpideri duela hamalau urte. Hasieran, ia ezinezkotzat jotzen zuten. Baina Oñatin ospatzen zen dantzari eguna ikustera joan eta bertan topo egitean, `berotu eta Hernaniko Dantzari Eguna antolatzeari ekin` ziotela dio Pepik. Hasiera hartan dantzari egunaren protagonismoa Hernaniko eta inguruko auzoetako dantza-taldeei eta haurrei eman nahi izan zieten. Horrela, Kriskitiña, Ttarla, Juanito Sanchizekin ikasten zuten haurrak, Ereñozuko dantza taldeko haurrak... elkartu ziren lehen urtean. `Guztia lotzera iritsiko ote ginen beldurrez` aritu zirela gogoratzen du Pepik, eta `kiroldegia alokatzeko nahikoa diru lortuko ote` zuten ere dudan zutela jarraitu omen zuten aurrera. Azkenean guztia ongi atera zen eta urteroko zita bihurtu zen Dantzari Eguna. Lehen urteetan 8 talde ekartzen zituzten antolatzaileek. Euskal Herriko zazpi probintzietatik bana eta Hernaniko Ttarla dantza taldea. Zortzi talde ordea, herriko auzo guztietan dantzatzeko adina talde ez zirela ohartu ziren, eta 10 talde ekartzen hasi ziren. Horrela, pixkanaka talde kopurua handitzen joan da, jaialdia bera handitzen joan den moduan. Aurten 14 dantza taldek hartuko du parte jaialdian. `Azkenean Santa Barbara auzora iristeko adina dantza talde lortu` dituztela diote antolatzaileek pozik.

Dantzari Egunetik Dantzari Festara

Partaide kopurua areagotzeaz gain, jaialdia bera handitu egin da urteen poderioz, eta Dantzari Eguna Dantzari Festa izatera pasa da. Izan ere, pasa den ostiralean hasi eta datorren larunbatera arte izango da euskal dantzen inguruko festa hau martxan. Ostiraleko emanaldiarekin hasi zen, Juan Luis Unzurruzagaren zuzendaritzapean Gero Axular dantza taldeak eskaini zuen dantza, musika eta kantua nahasten duen emanaldiarekin. Gaurkoa berriz, jaialdiko egun handienetako bat izango da, eta Euskal Herriko txoko guztietako dantzekin gozatzeko aukera izango dugu bai goizean eskainiko dituzten emanaldiekin eta baita bazkalosteko erromeriarekin ere. Gainera, aurten lehen aldiz, dantza-talde batzuk omentzea erabaki dute antolatzaileek. Izan ere, Barakaldoko Laguntasuna dantza taldeak 60 urte betetzen ditu aurten, Irungo Ibarla Meaka taldeak berriz, 25 urte, eta Hendaiako Akelarre dantza taldeak 35. Astean zehar berriz, jaialdiak aurrera jarraitzen du euskal jantzien erakusketarekin. Asteazkenean gainera, Ramon García adituak hitzaldia emango du gaiaren inguruan. Ramon García Iraultza dantza-taldeko jostuna izateaz gain, Pastoralean erabiltzen diren traje gehientsuenen egilea da, eta egindako jantziak biltzen dituen museo bat ere badu. Antolatzaileen esanetan, Dantzari Festaren beste helburuetako bat baserritar jantziei merezi duten bultzada ematea da. Euskal-jantziek gero eta arreta handiago bereganatzen dutela ikusi dute, eta horrek duen garrantzia azpimarratzen dute. Datorren larunbata izango da Dantzari Festak duen beste egun garrantzitsuenetako bat: dantzari-txiki eguna hain zuzen ere. Protagonismoa dantzari gazteei eman nahi diete, beraiek baitira euskal dantzen etorkizuna bermatzen dutenak. Edizio honetan 6 dantza-talde animatu dira, guztiak gipuzkoarrak. Egitaraua bete-betea ekarri dute aurtengoan ere, eta antolatzaileek beren partehartzea eskatu diete hernaniarrei. `Herriko txoko guztietaraino, gure atarira bertaraino gerturatzen dira Euskal Herri guztitik etorritako dantza taldeak eta merezi duten harrera egin behar diegu`. Horrexegatik, parte hartzera animatzen dute herri osoa, `gutxienez balkoietara atera daitezela!`.

DANTZARI FESTA
EGITARAUA


Martxoak 29

-Kalejra herriko kaleetan, 11:00etatik aurrera. Euskal Herriko dantza talde ezberdinak herriko auzo eta kaleetan.

  • GIPUZKOA: Ttarla (Hernani), Eraiki (Behobia), Ereintza (Errenteria), Eskola (Donostia), Ibarla Meaka (Irun), Kemen (Irun), Trebeska (Donostia).
  • ARABA: Adurtza (Gasteiz).
  • BIZKAIA: Laguntasuna (Barakaldo).
  • NAFARROA GARAIA: Amaiur (Iruñea)
  • LAPURDI: Akelarre (Hendaia), Mutxiko (Hendaia)

-Ikurrin dantza Plazan. 13:30etan.

-Bazkaria, dantzari eta soinujoleentzat Atsegindegin. Eguerdiko 15:00etan.

Martxoak 30-Apirilak 3

-Euskal jantzien erakusketa. 17:00etatik 20:00etara, Biterin.

Apirilak 1

-Hitzaldia, baserritarren janzkerari buruz, Ramon Garciaren eskutik.19:00etan, Biterin.

Apirilak 4

-Dantzari txikien irteera eta dantza emanaldia, herriko kaleetan zehar.
17:00etatik aurrera.

  • TTARLA (Hernani)
  • IBARLA MEAKA (Irun)
  • EREINTZA (Errenteria)
  • ESKOLA (Donostia)
  • TALAIA (Hondarribia)
  • TREBESKA (Donostia)

-Eskola taldearen emanaldia, 20:00etan, Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!