PLENOA izan zen ostegunean eta bertan onartu ziren, besteak beste, kotxeak Kaxkora sartzea mugatzeko ordenantza eta Txantxillan hitzartutako etxebizitzak eskuratuko dituztenen zerrenda. Bestalde, herrian behar diren azpiegiturak (kiroldegia, musika eskola, liburutegia, auditorioa...) zehazteko eztabaida prozesua martxan jartzekoa du aurten Udalak eta Plenoan erabaki zen prozesu hori herri kontsulta batekin bukatzea.
Kotxeen kontrol sistema
eta alegazioak
Herri erdigunean kotxeak sartzea mugatuko duen ordenantza behin betiko onartu zen osteguneko plenoan, baita aurkeztutako hainbat alegazio ere, Gobernu taldearen, EAren eta PPren aldeko botoekin. EAJ-PNVk aurka bozkatu zuen eta EB eta PSE-EE abstenitu egin ziren.
Ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion abenduko 18ko plenoan, eta ordutik epe bat izan da alegazioak aurkezteko. Guztira 20 bat aztertu dira. Onartu diren alegazioak honako hauek dira:
• Hileta egunetan Gudarien plazan aparkatzeko aukera izatea.
• Ordenantza Kale Nagusia, Gudarien plaza, Kardaberaz, eta Atzieta kaleetan zen aplikatzekoa orain artean. Onartutako alegazio bat medio kale hauek ere sartuko dira ordenantzan: Iturriaga kalea, Nafar kalea 10-12, Urbieta kalea 1, Plaza Berri, Tilosak 3-5, Felipe Sagarna Zapa edo karkaba 2, 4, 5, 7 eta 9.
• Atzieta kalean aparkatzeko ordutegia goizeko 06:00etan hasi beharrean 08:00etan hastea, biztanleak aparkatzeko denbora gehiago izateko.
Alegazio hauetaz gain, onartu zen, behar diren neurriak hartzea Kardaberaz kalean sartu nahi duten kotxeei Gudarien plazatik sartzeko aukera ematea. Neurri honen helburua da Kale Nagusiko trafikoa gutxitzea.
Ordenantza Hernaniko Kronikan urtarrilaren 24ko alean argitaratu zen. Ordenantza horri orain onartu diren alegazio hauek erantsi behar zaizkio.
Txantxillako hitzartutako etxebizitzak
Bestalde, Txantxillan hitzartutako 33 etxebizitzak eskuratuko dituztenen zerrenda onartu zen Plenoan. Bozketan, Gobernu Taldeko zinegotziek alde bozkatu zuten; eta oposizioak kontra. PSE-EEko zinegotzi bat ez zen Plenoan izan ostegunean, eta hori dela eta, berdinketa izan zen bozketan. Bozketa errepikatu eta emaitza berak lortu ondoren, Alkatearen kalitazteko botoarekin onartu zen zerrenda.
Hitzartutako 33 etxebitzak promotorak salduko ditu eta onartutako zerrenda promotorak aurkeztutakoa izan da. Promotorak berak azaldutakoaren arabera, honakoak izan dira zerrenda osatzen dutenek betetzen dituzten baldintzak: Hernanin erroldatua izatea, beste etxebizitzarik ez izatea, eta urtean 44.500 euro baino gehiagoko diru sarrerarik ez izatea. Bestalde, ez da zozketarik egin hitzartutako etxebizitzak banatzeko eta ez dira gutxieneko diru sarrera kopururik zehaztu.
Azpiegituren
inguruko eztabaida
Bestalde, 2009an, herrian beharrezkoak diren azpiegiturak zehazteko eztabaida martxan jartzeko asmoa du Udalak. Eztabaida Kudeatuz programaren barruan kokatzen da, Diputazioak eta Eudelek sustatu eta diruz lagundu dutena. Asmoa da herriko azpiegituren diagnosi bat egitea parte hartzera animatzen diren herritarrekin batean, eta proposamenak mahai gainean jartzea.
Osteguneko plenoan erabaki zen parte hartze prozesu hori herri kontsulta batekin bukatzea eta hori antolatzen hastea datozen hilabeteetan.
Aberri Eguneko adierazpena
Aberri Eguneko adierazpen instituzionala ere onartu zen osteguneko Plenoan, Gobernu taldeko zinegotzi batek aurkeztutakoa. Bozketan, EAJ-PNV, EA, PSE-EE eta PPko zinegotziek ez zuten bozketan parte hartu. EB abstenitu egin zen eta Gobernu taldeak alde bozkatu zuen.
Beste puntu batzuk
Amiantoa izan daitekeen lekuetan, obrak egiteko baimenak eskuratzeko ordenantzan hainbat aldaketa egitea ere onartu zen Plenoan, aho batez. Horrez gain, turismo arloko eskumenak Idurre Lukas zinegotziaren esku uztea ere onartu zen.