KORRIKA bihar iritsiko da Hernani erdigunera, gaueko 21:30ak aldera aurreikusi dutenez. Gogoz hartu dute herritarrek bi urtean behin izaten den hitzordua eta iritsi aurretik makina bat ekitaldi izango dira herrian. Gaur haur eta gaztetxoen txanda izango da, Haur Korrika, Korrika Gaztea eta Korrika Txikia izango baitira.
Goizean atletismo pista inguruan
Gaur goizeko 10:15ak aldera, Sagastialdeko Haur Eskolako 0 eta 3 urte arteko haurrek, eta guraso eta irakasleek Haur Korrika egingo dute. Txikienak eskola barruan egingo dute ekitaldia eta gainerakoek atletismo pista inguruko zelaietan ariko dira. Lehendabiziko urtea da Haur Eskolak Korrikan parte hartzen dutela, eta gogo eta ilusio haundiarekin helduko diote hitzorduari.
Eguerdian gazteak eta
arratsaldean haurrak
Eguerdiko 12:00etan, Korrika Gaztea aterako da Santa Barbaran Institutuak eta Langile Ikastolak dituzten eraikinetatik. Herrian barrena ibilbidea egingo dute 12 eta 16 urte arteko gazteek, ikastetxe bakoitzari dagokion zatia.
Arratsaldean
Korrika Txikia
Arratsaldeko 15:00etatik aurrera, 2 eta 12 urte arteko ikasleen txanda izango da. Marielutsen hasiko dute bidea eta herriko erdingunean barrena ariko dira korrika. Buelta bukatzean Plazan elkartuko dira denak eta txokolatada, dantzaldia eta musika izango dituzte zain. Ekitaldiari bukaera emateko Pirritx eta Porrotx Txis pun Korrika abestia kantatuko dute elkarrekin.
Bihar bizikleta martxa
bazkaria, dantza...
Korrika iritsi aurretik ekitaldi ugari izango dira bihar ere. Goizeko 11:00etan bizikleta martxa aterako da Plazatik eta haur, gazte eta gurasoak animatu dituzte parte hartzera. Eguerdiko 12:00etan Dantzari Festarekin elkarlanean, Korrikaren aldeko erromeria izango da Plaza Berrin, trikitilariekin. Eguerdiko 14:30etan Korrika bazkaria izango da Santa Barbara elkartean; 17:30etan Ttarla dantza taldearen emanaldia izango da herrian zehar; eta 19:30etan Gasteizko txistularien emanaldia. Azken hau Dantzari Festarekin elkarlanean antolatu dute, baita ere.