LAUGARREN Sagardo Eguna ospatu zen atzo Chillida Leku museoan. Inguru honetan sagardoaren kulturak eta ekonomiak duen garrantzia ikusita sagardotegi giroa jarri nahi izan zuen atzokoan museoak, eta baita lortu ere. Izan ere, eguraldia lagun, jende dexente animatu zen Chillida Lekuko zelai eta txokoetan barrena paseatu, sagardo trago batzuk hartu eta Iratitik ekarritako gazta pintxo batzuk jatera.
Museoa eta sagardoa inguru honetan erreferente
Sagardo Egunari hasiera eman zion ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi zen, Zabalaga baserri aurrean jarritako sagardo kupelen artean. Bertan izan ziren Idurre Lukas Hernaniko kultura zinegotzia; Luis Chillida museoko arduraduna; eta Arantxa Eguzkiza Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria. Ekitaldi hasieran azpimarratu zuten sagardoak eta museoak berak inguruko ekonomia eta turismoan duten garrantzia, eta hori dela eta, Udalak eta museoak orain arte izandako elkarlana mantentzeko asmoa adierazi zuten. Sagardogileei ere eskerrak eman zizkieten, haien laguntzarik gabe halako ekitaldirik egitea ezinekoa izango litzatekeelako.
Ekitaldi hasieran Ttarla dantza taldeko dantzariek sagar dantza dantzatu zuten. Ondoren ordezkari politiko, sagardogile eta museoko arduradunek aurreneko tragoa hartu zuten kupeletatik. Atzetik joan ziren bertaratu ziren gainerako guztiak.