Goizueta, Arano, Hernani eta Astigarragan barrena ere pasako da larunbatean 16garren Korrika

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 22a, 01:00

OSTEGUNEAN abiatuko da 16garren Korrika Tuteratik. 2.000 kilometrotik gora egingo ditu Gasteizeraino, Euskal Herrian barrena, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira lemapean. Bidean Urumea bailaratik ere pasako da, datorren larunbatean bertan, hilak 28, Goizueta, Arano, Hernani eta Astigarragan barrena. Larunbata arratsaldean ailegatuko da Goizuetara, Leitza aldetik, eta gauerako Hernanin izango da. Herri guztiak zain izango dira, euskararen aldeko lekukoa hartzeko.

Larunbat arratsaldean Goizuetara
Lekunberri, Uitzi eta Leitzan barrena pasa ondoren, Goizuetara iritsiko da Korrika, arratsaldeko 18:30ak aldera. Korrikaren 500garren kilometroa hartuko dute gutxi gora behera eta kilometro batzuk egingo dituzte Aranori lekukoa eman arte. Egun horretan, goizean umeentzako jolasak antolatu dituzte, eta helduek afari-merienda egingo dute gauean, Korrika pasa ondoren, indarrak berritzeko, elkartean (txartelak Amaia kafetegian, 6 euroan).

Arano lekukoa hartzeko zain
Goizuetatik Arano aldera egingo du Korrikak. Aranoarrek ere beren ekitalditxoak antolatu dituzte aste hauetan zehar eta egun horretan ere zerbait egiteko asmoa adierazi dute, lekukoa festa eta umore giro ederrean hartzeko.

Hernani Benta Berrin zain
Hernanik Benta Berri parean hartuko du lekukoa. Bertara joateko autobusa jarriko du AEK-k eta herritarrei dei egin diete bertara joateko Korrikari harrera egitera. Autobusa arratsaldeko 19:30etan abiatuko da Zinkoeneatik. Kaxkora berriz, gaueko 21:15ak aldera iristea espero dute. Zinkoenean barrena iritsiko da eta beti bezala jende mordoska izango du zain.

Aste osoan zehar ekitaldiak
Bihar, astelehena, aurtengo Korrikarako prestatutako bideoa emango dute, Biterin, 19:30etan. Ostiralean Haur Korrrika, Korrika Txikia eta Korrika Gaztea egingo dira herrian, goizean eta arratsaldean. Larunbatean egun osoko festa izango da: bizikleta martxa, herri bazkaria (txartelak Aralar eta Txili tabernetan, ostegunera arte), dantzariak eta musika.

Dantzaldia Astigarragan
Astigarragan ere egun osoko jaia antolatu dute: goizean umeentzako tailerra izango da, petoak egiteko, eta dantzaldia helduentzat. Bertso bazkaria egingo dute Hamaika Bertute taldearekin eta iluntzean, berriz dantzaldia, Korrikari jai giroan itxoiteko.

Kilometroak salgai
Korrika euskararen alde egiten den ekitaldi nagusia izateaz gain, AEK-k euskalduntze lanean jarraitzeko diru iturria ere bada, horregatik saltzen dira kilometroak. Oraindik ere badago erosteko aukera, 943 557 879 edo 943 557 354 zenbakietako batera deituta.

--------------------------------------------------------------------------------------------

EGITARAUA:

Goizueta
Martxoak 28, Korrika eguna
Umeentzako jolasak, 11:30etan.
Korrikari ongi etorria,
18:30ak aldera.
Afari-merienda elkartean, 21:00etan.

Hernani
Martxoak 23, Korrika
dokumentala, 19:30etan, Biterin.
Martxoak 27,
Haur Korrika, 10:00etan.
Korrika Gaztea, 11:30etan.
Korrika Txikia, 15:00etan.
Ondoren, txokolatea eta dantzaldia.
Martxoak 28, Korrika eguna Bizikleta martxa, 11:00etan.
Herri bazkaria, 14:30etan, Tilosetan.
Ttarla dantz taldea, 17:30etan.
Arabako txistulariak, 19:30etan.
Korrikari ongi etorria,
21:15 aldera, Zinkoenean.

Astigarraga
Martxoak 28, Korrika eguna
Umeentzako tailerrak, 11:00etan.
Dantzaldia Patxi Perezekin, 11:00etan.
Kantuz taldea eta
musika eskolako trikitilariak, 13:30etan, herrian barrena.
Bertso bazkaria, 14:30etan, Joseba Barandiaran plazan.
Dantzaldia Patxi Perezekin,  19:00etan, plazan.
Korrikari ongi etorria,
22:30ak aldera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!