«Liburu bat diferente irakurtzen da, gero komentatu egingo duzula jakinda»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 22a, 01:00

Literatur tertuliak antolatu dituzue Biterin. Nola sortu zen ideia? Idazketa ikastaro bat ematen dut, eta handik abiatu zen dena. Saiatu ginen ikastaroa euskaraz ere ematen, aurkeztu genuen, baina ez zen atera: oso jende gutxi apuntatu zen, eta ez zuen merezi. Gero, Rakelek, liburutegikoak, deitu zidan: nire zenbakia lortu zuela, eta norbait behar zuela euskeraz solasaldi hauek gidatzeko. Ez nengoen oso ziur hasieran, izan ere, nik ikasketak euskeraz egin ditut, baina beste guztia gazteleraz egin dut: bai karrera...

Zer ikasi zenuen ba? Filologia Hispanikoa.

A, ondo; barkatu, segi, segi... Ba hori, bai karrera, bai ondorengo ikastaro guztiak, eman izan ditut beti erdaraz. Nahiko gogorra izan da hasieran, izan ere, hiztegi aldetik eta-horrela nahiko eskas nenbilen...

... literaturaren hiztegi teknikoa-eta, ez? Bai, eta bestela ere bai: hasten naiz hitz egiten eta nabaritzen dut esaldiak etortzen zaizkidala gazteleraz.. Alde haundia dago, eta ez dut erreztasuna, baina bueno....

Ez da hainbesterako izango, jendea animatzen ari baldin bada.
Bai, bai.. gustura daude beraiek! Hasieran esan genuen proba modura egingo genuela, izan ere, Rakel ari zitzaidan: «jo, mesedez, mesedez, ni desiratzen nago horrelako zerbait ateratzeko eta azkenean ez da ateratzen... Egingo dugu proba, bale?». Eta proba egin, eta egia esan, jendea oso jatorra da, oso gustura nago, eta horrek animatu nau batez ere.

Beste leku askotan, antolatzen dituztenean irakurleen solasaldiak, izaten da beti nobedadeen inguruan. Hernanin ez duzue bide hori hartu: Arantxa Iturberen ‘Ezer baino lehen’, Iban Zalduaren ‘Etorkizuna’, Patxi Zubizarretaren ‘Jeans-ak hozkailuan’... Izan dute ibilbide bat liburu horiek.
Nahiago dut horrelakoak aukeratzea. Pentsatzen dut oraingo liburuak denek irakurtzen dituztela, edo behintzat irakurtzen dituzula erraztasun gehiagorekin, aukera daukazu liburu berriak ezagutzeko. Lehengo liburuekin ez da hori gertatzen, eta nik uste dut merezi dutela... Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua adibidez: hori klasiko bat da, irakurri behar da. Eta liburu horiek ez dira pasatzen. Aurreko egunean komentatu genuen Arantxa Iturberena, 1992koa da. Eta oraindik egunerokotasun haundia dauka. Bai, bai, merezi du. Gainera, esaten zidaten, bueno, batek komentatu zidan: «Nik Arantxa Iturbe... mmm. Bere liburu bat irakurri nuen, eta ez zitzaidan batere gustatu. Eta egia esan, orain, zurekin nagoelako, eta zuk esan duzulako, bestela ez nuen irakurriko... Ezta pentsatu ere! Baina, begira, bai, egia da gustatu zaidala». Orduan esan nien: «Bueno, beraz merezi izan du?». Eta be-raiek: «Bai, bai, bai». Ba hori nahi dut, zuek irakurtzen ez duzuen zerbait irakurtzea.

Nolakoak izaten dira tertuliak?
Hasten gara bakoitzaren lehenengo inpresioarekin: gustatu zaien ala ez, zergatik... Hortik aurrera hasten gara... Bueno, nik egia esan, ez dut orden bat eramaten. Segun jendeak zer komentatzen duen, nik nire inpresioa gehitzen dut: teknika, narratzailea... Hori bai, beti daude galderak: «Zergatik idatzi du hau? Zergatik jarri du pertsonaia hau?». Eta ni saiatzen naiz esplikazio batzuk ematen: «Ba, hau egin du, nire ustez, honegatik, eta besteagatik...».

Espontaneoak, beraz. Bai, hori da.

Tertulian parte hartzen dutenen galderekin sorpresak ere eramango dituzu, ezta?
Esan nahi dut, pasako zitzaizula esatea: «Honek hau galdetzen dit, eta egia esan ez nuen liburua ikuspuntu horretatik inoiz enfokatu». Bai... eta oso aberasgarria da. Horregatik nago hain gustura. Izan ere, gainera, irakurtzen duen jendea ere asko sartzen da. Klaro, ez da berdina liburu bat irakurtzea jakinda gero ez duzula komentatuko, edo irakurtzea jakinda gero horrelako tertulia batera joango zarela. Beste zentzu batekin irakurtzen duzu. Lehenengo egunean, adibidez, nik komentatu behar nituenak apuntatuta eraman nituen koaderno batean. Orduan batzuk hasi ziren: «Bueno, bueno; ba hemendik aurrera nik ere apuntatu egingo dut, e! Ze, hau ezin da! Gainera, gustatu zait liburuko esaldi hau, eta ez badut apuntatzen gero ahaztu egiten zait...». Eta, bai, egia da, beraiek ikusten dituzte nik ikusten ez ditudan gauzak liburuetan. Niretzat oso aberasgarria da hori.

Irakurzaletasuna bultzatzeko modua ere bada, ezta?
Hori espero dut behintzat... Txillardegiren ‘Leturiaren egunkari ezkutua’ izango da komentatuko duzuen hurrengo liburua. Tertulia nondik nora joango den esaterik bai? (Barre egin du) Aurreko egunean batzuk hasi ziren. Batek irakurrita zeukan, izan ere, Iturberena oso erraz irakurtzen da, eta berehala bukatu zuen. Orduan, hurrengoa hartu zuen. Eta etortzen zait eta esaten dit: «Mmm... Leturia... Ui... Kostatzen zait e!». Eta orduan beste batek: «Nola?». Beraz nahiago dut ezer ez esatea, bakoitzak irakur dezala ezer entzun gabe eta gero hitz egingo dugu.

Zalduarena beharbada errazago irakurriko zuten, ezta?
Bueno, egia esan jendea ez dago ohituta ipuinak irakurtzera...

Nobela errazago sartzen da?
Bai. Bueno, gero ipuinak ere gustatzen zaizkie, baina egia da ipuinek lan haundiagoa eskatzen dizutela: kontatzen dizute erdia, beste erdia zuk jarri behar duzu. Orduan, horrek lan asko ematen du .

Gainera Etorkizunakoak ez dira oso luzeak ere, kolpea bilatzen duten istorioak dira...
Hori da, eta hori, ipuin batean, ona da.

Aurreiritzi hori, ipuina baztertze hori, nahiko zabaldua dagoela esango nuke.
Bai, eta ez bakarrik euskeraz. Erdaraz ere gertatzen da. Nik idazketa tailerretan ipuinak erabiltzen ditut, batez ere. Motzak dira, osorik irakurri ditzakezu, eta gero komentatu. Nobela bat ezin duzu osorik hartu klase baterako, parte batzuk bakarrik. Eta klase horietan ikusten du jendeak, ipuina genero zaila dela. Baina horretaz ez zara konturatzen gaian sartzen zaren arte. Bestela, ipuin bat irakurri eta esaten duzu: «Ba, niri honek ez dit ezer esaten. Idatzi du, idazteagatik, eta utzi du lana ia bukatu gabe». Eta hasten zarenean komentatzen, esaten diezu ikasleei kontatzeaz gain, gainontzekoa sujeritu egiten duela ipuinak, hori dela lana. Alde horretatik, ipuinari oso publizitate txarra eman zaio. Editorialetan ere komentatzen da, ez dutela nahi ipuinik, ez duela hainbeste saltzen eta ez dutela argitaratu nahi.

Eta irakurleak, nolakoak dira?
Badago perfil konkreturik, ala bakoitza zaku batetik aterea da? Egia esan, ez ditut asko ezagutzen. Bat badakit irakaslea dela, beste bat izandakoa, baina beste batzuek uste dut ez daukatela zerikusirik irakaskuntzarekin... Bi gizon etorri dira, eta hori ez da oso ohikoa...

... normalean emakume gehiago?
Bai, beti. Orain gizon gehixeago ikusten ditugu, baina normalean emakumeak izaten dira nagusi horrelakoetan. Zergatik? Ez dakit. Nik uste dut gizon askok ere irakurtzen dutela, baina beharbada jende aurrean komentatzea ez zaie gustatzen edo... Ez dakit. Idazteko bai, horretarako animatzen dira gizon gehiago.

Noiz arte jarraituko dute solasaldiek?
Urrian hasi ginen, eta urtea bukatu zenean Rakelek jarraitzeko proposatu zidan. Urtarrilean ez genuen egin, baina hortik aurrera bai, eta ekaina arte iraungo du kurtso honetakoak. Eta datorren urtean ere jarraitzea espero dugu, beraz...

Bai gustura!
Oso. Agian tailer bat ere aterako dugu datorren urtean, hiru hilabeteko ikastaro bat. Hori bai, nik badakit honek engantxatu egiten duela, eta hasi orduko hiru hilabete motz geratuko direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!