laugarren Sagardo Eguna dute gaurkoa Chillida Lekun eta urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen da festara. Eguerdiko 12:00etan hasiko da eta sagardoa, musika eta dantza ikuskizuna izango da; mokaduren bat egiteko aukera ere izango da. Baina zalantzarik gabe, gaurkoan bereziena, parajea izango da, zer esanik ez, eguraldiak laguntzen badu.
Sagardoari keinua
Chillida Leku museoak, Hernanin egonik, keinua egin nahi dio ekitaldi honekin, herriko hain produktu eta erreferente garrantzitsuari. Horregatik, gaur Hernaniko sagardogileen sagardoa izango da dastatzeko.
Jaialdian parte hartzeko sarrera ordaindu behar da; trukean museoak, 18 urtetik gorako bisitari guztiei edalontzi bana oparituko die, Museoaren logoarekin.
Sagardoari laguntzeko mokadu bat egiteko aukera ere izango da; horretarako Iratiko Ttale Ouret artzaina etorriko da museora, gazte saltzera.
Hernanirekin hitzarmena
Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak eta Hernaniko Udalaren arteko hitzarmenari esker, hernaniarrek aukera izan dute aste honetan sarrerak erdi prezioan hartzeko, Biteri kultur etxean. Horrez gain, hitzarmena medio, Udalak bitartekari lanak egin ditu sagardogileen eta Museoaren artean, eta Hernaniko trikitilariak eta txalapartariak ere han izango dira. Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiako kideak ere bertan izango dira, urtero bezala.
Paraje ezin hobea
Museoa paraje ezin hobea da sagardo tragoska batzuk hartzeko, zer esanik ez eguraldi onarekin.
----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak
eta Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute
Asteazkean Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko Luis Chillida eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iñaki Galdosek, Kirol eta Kanpo Ekintzetako Diputatuak, lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi erakundeen artean Chillida Leku museoaren lana, eta bide batez, turismoa sendotzeko.
70 mila bisitari urtean
Chillida Leku museoa Gipuzkoako museorik bisitatuenetako bat da gaur egun. Urtean 70 mila pertsona inguru etortzen dira museoa ezagutzera, asko urrutitik etorriak.
Inguruko bisitariak erakartzeko asmoa
Hala ere, museoan oraindik ere bertako eta inguruko turisten falta sumatzen dute. Hori dela eta, Museoa sustatzeko plan bati ekitea erabaki dute inguruko bisitariak erakarteko. Planaren ardatzak honakoak izango dira:
Komunikazio kanpaina egitea Iparraldean eta baita Frantzian ere; beste hainbeste Nafarrroan; museoan bertan egiten diren ekitaldien berri zabalago emateko asmoa dute: egiten diren kultur ekintzak, heziketari begirako ekintzak, erakusketak eta abar.
Azkenik, web gunearen erabilera suspertzeko asmoa ere badute, zerbitzu zabala emate aldera: sarrerak erosteko aukera eman, ekitaldiak iragarri eta abar.
Krisi garaian
turismoa aldatu
Prentsaurrekoan adierazi zutenez, «krisi garaian turismoa egiteko erak ere aldatu egiten dira». Hain zuzen ere, horregatik garai egokia iruditu zaie kanpaina berria bultzatzeko. Gainera, beren esanetan, «turismoa ere krisiari aurre egiteko modu bat da, ekonomiaren zutabe garrantzitsua baita».