Añarbeko urtegiko kanala egoera kaxkarrean dago, eta konpondu ezean, urik gabe geratzeko arriskua ikusi du Añarbeko Mankomunitateak

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 21a, 01:00

AÑARBEKO urtegitik Petritegiko ura tratatzeko gunera dijoan kanala egoera kaxkarrean dago, eta okerrera egiten badu, Hernani, Errenteria, Lasarte, Donostia, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarragako 306.000 biztanle urik gabe utzi ditzake. Horrela jakinarazi du aste honetan bertan Añarbeko Mankomunitateko presidentea den Enrique Noainek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Kanala konpontzea ez da lan erraza izango, ordea. Kanala konpontzeko, hustu egin beharko litzateke. Mankomunitateko presidenteak Batzar Nagusietan azaldutakoaren arabera, gehienez ere 10 edo 12 orduz eten daiteke ur zerbitzua. Hori dela eta, beharrezkoa ikusi dute urtegitik ura eramateko sistema alternatibo bat antolatzea, kanala konpontzen ari direnean erabiltzeko. Sistema honen arabera, Añarbeko urtegiko ura Urumea ibaira joango litzateke, eta Lastaolako zentral hidroelektrikoan berreskuratuko litzateke. Bertatik, bonba bidez, Petritegiko estaziora eramango litzateke ura, potabilizatzeko.


1960an eraikitako kanala
Añarbeko urtegitik abiatzen den kanala 1960an eraiki zen. Guztira 11.642 metro ditu kanalak eta lur azpitik pasatzen da. Mankomunitateko presidenteak azaldu zuenez, 1990an egindako ikerketa batek erakutsi zuen kanala nahiko hondatuta dagoela eta fuga eta filtrazio ugari dituela. 2008 urte bukaeran ere beste ikerketa bat egin zuten eta ikusi zuten egoerak okerrera egin duela: zuhaitzen zainak hazi egin dira eta ur filtrazioak hormigoia gero eta gehiago ari dira hondatzen. Mankomunitateko presidenteak azaldutakoaren arabera, egoera honetan kanalaren zati bat erori egin daiteke eta kanala itxi. Kanala konpontzeko obra nahiko konplikatua izango dela aurreikusi dute. Kanala lur azpitik dijoa eta zenbait puntutan, kanaleraino heltzea oso konplikatua da, kokapena dela eta. Presidenteak azaldu zuen, kasu batzuetan pistak ere egin beharko liratekeela puntu batzuetara heltzeko.


Sistema alternatiboa martxan jartzeko obra
Kanala konpondu ahal izateko kanala hustutzea da Mankomunitateak proposatu duena. Eta konpontzen ari diren bitartean sistema alternatiboa martxan jartzea, hau da, Urumea ibaia kanal bezala erabiltzea. Urumea kanal bezala erabiltzeko obra batzuk egin beharko lirateke. Esaterako, Añarbek duela gutxi erosi duen Lastaolako zentraletik hormigoizko kanal berri bat egin beharko litzateke, 465 bat metrokoa, eta ondoren 405 metroko tunel bat egin beharko litzateke. Zentralean ura bonbeatzeko estazio bat (EBAB) eraikitzea ere aurreikusi dute ura Petritegira eraman eta bertan potabilizatzeko. Ura tratatu ondoren etxeetara banatzeko sarera pasako litzateke. Obrak bi urte iraungo duela aurreikusi dute.


Finantziazio bila
Sistema alternatiboa martxan jartzeko obrak 19 milioi euroko kostua du. Añaberko Mankomunitateak finantziazioa bilatzen ari da uraren inguruko konpententzia duten erakunde ezberdinetan, esaterako Diputazioan eta Eusko Jaurlaritzan. Enrique Noainek Batzar Nagusietan azaldu zuenez, bi edo hiru erakunderen laguntza jasoz gero, Mankomunitatea gastuen %25ari aurre egiteko moduan izango litzateke.


Ingurugiroan izango lukeen eragina
Mankomunitateak proiektua azaltzeko osatutako txostenean azaltzen denez, sistema alternatibo hau eraikitzeak «ez luke arazo larririk ekarriko, ingurugiro aldetik». Aipatzen denez, sistema martxan jartzeko obra egiteko Lastaolatik Petritegira ireki beharreko zanja da sistema honek ekarri dezakeen ondorio bakarrenetakoa. Bestela, dagoeneko dauden azpiegiturak txukundu eta prestatzea izango litzateke egin beharreko lana: Lastaolako zentrala esaterako, edo Urumean zehar dauden beste hainbat azpiegitura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!