Adjudikatu dituzte Zikuñaga eta Etxeberri urbanitzeko eta Karabelgo zubia txukuntzeko obrak

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 21a, 01:00

ESPAINIAKO Gobernuak udalerri ezberdinetara diru partida bat bideratu du, udalek izan duten diru sarreren beherakada dela eta, bestela egingo ez lituzketen inbertsio eta obrak egin ahal izateko. Hernaniko Udalak hiru proiektu aurkeztu zituen diruz laguntzeko: Etxeberri auzoaren zati bat urbanizatzeko proiektua, Zikuñaga auzoa eta inguruak urbanizatzeko proiektua, eta Zinkoeneatik Karabelgo gasolindegira dijoan zubia txukuntzeko proiektua. Hiru proiektu hauek egin ahal izateko Hernaniko Udalari 3.383.832 euro dagozkio. Aste honetan bertan, Gobernu Batzordean, hiru obrak adjudikatu dira. Adjudikazioak behin behinekoak dira, hau da, datorren asteko Gobernu Batzordean berretsi beharko da erabakia. Bitartean enpresek hainbat agiri aurkeztu beharko dituzte: hala nola, gizarte segurantzarekin dituzten betebeharrak egunean dituztela erakutsi beharko dute, bermea aurkeztu dutela egiaztatzen duen agiria ere bai; eta obra egiteko kontratatuko dituen langileen berri ere eman beharko dute.

Enpresak
Zikuñaga bailara urbanizatzeko lanak Sasoi Eskabazioak enpresari adjudikatu zaizkio, 1.468.050 euroko aurrekontuarekin. Lanak hasi eta zazpi hilabete eta aste beteko epean burutu beharko ditu. Etxeberri auzoaren zati bat urbanizatzeko lanak Campezo Construccion S.A. enpresari eman zaizkio, 478.695 euroko aurrekontuarekin. Lanak hasi eta lau hilabeteetan egin beharko ditu. Zehazki Etxeberri auzoko 4, 8, 9 eta 10 blokeak dauden inguru hori urbanizatu beharko du enpresak. Zinkoeneatik Karabelgo gasolindegira dijoan zubia txukuntzeko lanak, aldiz, Construcciones Moyua enpresari adjudikatu zaizkio, 1.260.501 euroko aurrekontuarekin. Lanak hasi eta 4 hilabete eta 3 astetan egin beharko ditu. Kasu honetan egin beharreko lana da: errepidea berdintzea; Zubipeko zelai aldera dagoen espaloia kendu eta beste aldean espaloi zabalagoa egitea, 3 bat metrokoa, oinezko eta ezinduak eroso ibiltzeko; (espaloi honen zati bat airean geratuko litzateke); espaloi eta bidearen artean bide gorri bat ere egitea aurreikusten da, Zinkoeneatik Uria enpresa dagoen horretaraino.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!