Herriko sagardogileen sagardoa dastatzeko aukera izango da igandean Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 19a, 01:00

AZKEN urteetako ohiturari segita, igandean 4garren Sagardo Eguna ospatuko dute Chillida Leku museoan. Eguraldi ona ateraz gero, giro bikaina izaten da, herriko sagardoa dastatu eta museoa modu ezberdin batean bisitatzeko. Sagardo Eguneko ekitaldiak eguerdiko 12:00etatik 14:30etara izango dira.

Iratiko gazta, dantza, musika eta sagardoa
Igandean, Hernaniko sagardogileek egindako urteko sagardoa, txotxean, dastatzeko aukera izango da. 18 urtetik gorako bisitariei, gainera, Chillida Lekuko zigilua duen sagardo basoa oparituko diete. Horrez gain, Iratiko Ttale Ouret artzaiak egindako gazta dastatu eta erosteko aukera izango da. Musika eta dantza ere ez dira faltako igandean museoan. Alde batetik, Ttarla dantza taldeko 5 kide joango dira Sagar Dantza dantzatzera. Bestetik, Hernani Musika Eskolako txistulari, txalapartari eta trikitilariak ere izango dira eguna girotzen. Tolarea Sagardo Kofradiako kideak ere bertan izango dira.

Sarrerak salgai
Iganderako sarrerak, egunean bertan takilan erosi ahal izango dira, baina, Biterin erdi prezioan jarri dituzte salgai, 4, 25 eurotan. Bestalde, Chillida. Espacios sonoros izeneko erakusketara joan nahi dutenek, sarrerak erdiprezioan eskuratzeko aukera izango dute, Biterin kultur etxean. Erakusketak Hernaniko Udalaren laguntza jaso du.

Hitzarmena
Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak eta Hernaniko Udalak hitzarmena berritu dute duela gutxi, eta Sagardo Eguna da hitzarmen horrek eman duen aurreneko ekitaldia. Horrez gain, hainbat erakusketa eta ekitaldietarako sarrerak merkeago izango dira hernaniarrentzat, hitzarmena medio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!