Oier Mendizabal eta Aimar Olaizola eskuz binakako finalean sartu dira, atzo, Oinatz Bengoetxea eta Ruben Belokiri 22-16 irabazita.
Emozio haundiko partidua izan zen atzokoa, eta 11-15 atzetik joan eta gero, 22-16 irabaztea lortu zuten Olaizolak eta Mendizabalek. Unerik larrienean, Olaizolak tanto sorta egin zuen aurrean, eta Mendizabalek bikain eutsi zion, bi tanto bakarrik galdu baitzituen. Mendizabal oso pozik zen finalera iristeagatik, eta zaletu guztiei eskertu nahi izan zien, «gaur hiruk jokatu dugu biren kontra, Aimarrek, nik eta publikoak».
Final haundia martxoaren 29an dute, Atano IIIa pelotalekuan, Martinez de Irujo eta Goñi IIIaren kontra.