Eskertuta azaldu ziren atzo Tolarea Kofradiak omendutako lau kideak, Biterin egindako izendatze ekitaldian. Lucio Urtubia, Juanjo Uria, Angel Alvarez, eta Axen Jimenez ziren lau omenduak, eta zin egin zuten sagardoa goratu eta defendatuko dutela hemendik aurrera. Tolarea Sagardoaren Kofradiaren XIV. Kapitulua izan zen atzokoa, eta 20 kofradia inguratu ziren Hernanira, Euskal Herritik eta urrutiagotik etorriak. Euren jantzi bereziez apainduta, kale buelta egin zuten herrian, eta izendatze ekitaldian izan ziren guztiak.
Esker oneko hitzak
Izendatze ekitaldi berezia izan atzo Biterin. Omendu guztiek esker oneko hitzak izan zituzten, eta denek nabarmendu zituzten sagardoaren eta Hernaniren doaiak. Juanjo Uriak, gainera, hiru bertso kantatu zituen, eta sagardoaren grazia azpimarratzeaz gain, honakoa adierazi zuen: ...nik upeltxo bat erosi eta eman behar dut jauzia,/ Euskal Herrian eta Madrilen hustu dezaten guzia,/ ea lortzen den bakea eta lortzen den demokrazia.
Urtubia «Hernani-maitea»
Lucio Urtubia Cascanteko anarkistak ikusmin haundia piztu zuen atzo. Grazi bikainarekin adierazi zuen nafarrak Hernani-maitea dela, eta bereziki gogoratu nahi izan zuen lagun mina izan zuen Joxe Mari Larretxea zena.
Inguruko 20 kofradia
Atzoko ekitaldian izan ziren besteak beste, honako kofradiak: Ziburu, Donibane, Ezpeleta, Beasain, Tolosa, Donosti, Irun, Tafalla, eta Landetako bi kofradia. Ozenki abesbatzak 4 kanturekin eman zion ekitaldiari azken hunkitu punttua.