‘Sobre lo que no sé’ liburu bilduma kalean da, Chillidaren ideiak biltzen dituen lana

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 15a, 01:00

‘sobre lo que no sé’ lana kalean da, hiru liburu biltzen dituen Luxuzko Bilduma. Eduardo Chillidak bere ibilbidean idatzitako gogoetak eta egindako irudiak biltzen ditu bildumak, eta artistaren bilakaerari buruzko ideia bat egiten lagunduko dio irakurleari. Luxuzko Bilduma honek 2.998 ale bakarrik ditu, eta Ediciones Planetak argitaratu du, bere Ediciones de Lujo egitasmoaren barruan.


Chillidaren «barne mundua»
Joan den asteartean egin zen bildumaren aurkezpena, eta azpimarratu zuten, lan honek agertzen duela Chillidaren barne mundua; garai irudikorretik garai kontzeptualera izandako bilakaera, hain zuzen ere. Chillidak material asko erabili zituen, baina paperean ere lan haundia egin zuen, bere lanik «barnerakoiena» izan litekeena, hain zuzen ere. Bere gogoetak, galderak, kezkak... bertan azaldu zituen Hernaniko artistak.


Luxuzko edizioa
Edizio honek Chillidaren 60 lan grafiko ditu, arkatzez, tintaz, errotulagailuz edo pintzelez eginak, eta 3 liburuko bilduma batean aurkezten dira, burdin eta kristalezko kutxa berritzaile batean sartuta. Kutxaren bereizgarria da paretean zintzilik jarri litekeela, liburuko irudi eta testurik gustukoenak bistan direla. Edizio honek 2.998 ale bakarrik ditu, eta bakoitza 3.000 euroan dago salgai.


Erakusketak eta Sagardo eguna, martxoan Chillida Lekun

‘Chillida. Espacios sonoros’ erakusketako sarrerak salgai daude Biterin, 4,25 euroan.

Chillida Leku museoan hilabete mugitua izango dute martxoa. Batetik, une honetan ikusgai dago Chillida. Espacios sonoros erakusketa, eta bestetik, martxoaren 22an IV.Sagardo eguna egingo dute. Chillida. Espacios sonoros erakusketa ikusgai dago Chillida Lekun ekaina hasiera arte, eta hernaniarrek sarrerak erdi prezioan eskuratzeko aukera daukate dagoeneko, 4,25 euroan, Biteri kultur etxean. Hernaniko Udalak eta Eduardo Chillida-Pilar Belzuncek duten akordioari esker, hemendik aurrera, hernaniarrek abantailak izango dituzte Chillida Lekuko ekitaldi batzuetan. IV. Sagardo eguna martxoaren 22an izango da Chillida Lekun. Bertan Hernaniko sagardoa eta Iratiko gazta probaketa izango da, musikaz eta dantzaz lagunduta. Sarrerak salgai daude Biterin 4,25 euroan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!