Usain txarra eta begietako hazkura zela eta, larritu egin ziren ostegunean bizilagun asko

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 14a, 01:00

Udal Babes Zibileko Sailak oharra bidali zuen atzo Kronikara, ostiralean Ereñotzu eta Epele aldeko bizilagunak larrituarazi zituzten usain txar eta begietako hazkura eguraldi epelak eragindako erreakzio termiko bat izan zela, eta ez zela intripurik izan inongo lantegitan adieraziz.

Bizilagunak larri
Oharrean adierazi dutenez, ostegun gauean Udaltzainek herritarren dei mordoa jaso zituzten, esanez, usain txarra eta begietako hazkura sumatzen zutela.

Neurriak berehala
Babes Zibileko Saila berehala jarri zen harremanetan larrialdietako 112 zerbitzuarekin, usainaren eta hazkuraren iturria ezagutzeko. Hauek era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Ingurumeneko teknikariekin jarri ziren harremanetan.

Istripurik ez
Teknikariak Papelerara, enpresa kimikoetara, eta Ereñotzura abiatu ziren, udaltzainekin batera, eta enpresetan adierazi zieten ez zela inongo istripurik izan. Eusko Jaurlaritzako Osasun teknikari bat ere hurbildu zen usaina eta hazkura sumatutako eremuetara eta aditzera eman zuenez, «usaina arraroa zen, giroa kargatua sumatzen zen, baina suposatzen zuen ez zela ezer toxikoa». Azken orduan 112 zerbitzutik adierazi zutenez, Eusko Jaurlaritzako teknikariak neurgailuak aztertzen ari ziren, baina «printzipioz ez da ezer larririk izan». Erreakzio termikoa, giro epelak eragina Ingurumen teknikariaren arabera, «horrelako egun epeletan Papelerako kea goruntz joan beharrean, dagoen tenperaturak ez diolako uzten goruntz joaten, lurrera jaisten da, usaina toki guztietatik zabalduz. Erreakzio termikoa da».
Babes Zibileko Sailaren arabera, usaina «izan zitekeen Papelerarena, usaina berdina baitzen, baina fuerteagoa, kontzentratuagoa». Gainera, erantsi du «usaina, Ereñotzu eta Epelez gain, herrian ere sumatzen zen, eta normalean haizeak hegoaldetik jotzen duenean, ostegunean bezala, herrira etortzen da usaina, eta ez Ereñotzu aldera; eta ostegunean Ereñotzun eta herrian aldi beran egotea arraroa da». Lasaitzeko deia Babes Zibileko Sailetik herritarrei lasai egoteko deia luzatu diete, «nahiz eta oraindik ez jakin usainaren arrazoia zein izan zen, garrantzitsuena da herritarrek jakitea, behintzat enpresa kimikoetan, arriskutsuenak, ez zela inongo istripurik gertatu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!