Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal gustura dira biharko partidurako aukeratutako pelotekin

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 14a, 01:00

ESKUZ Binakako Txapelketako finalerdietako azken partidua jokatuko da bihar Atano III pelotalekuan. Ez da nolanahiko partidua izango, bikote irabazlea izango baita final haundirako pasea lortuko duena. Aurrez aurre izango dira alde batetik txapelketako egungo txapeldunak, Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal, eta bestetik Oinatz Bengoetxea eta Rubel Beloki. Ostegun eguerdian egin zuten material aukeraketa, eta pelotak saskian Punpa enpresak jarri zituen, bi bikoteak Asegarcekoak baitira. Lau pelotariak gustura agertu ziren aukeraketa egin ondoren, hala ere Goizuetako aurreralariak hitz hauek izan zituen materialaren inguruan «pelota guztiak antzekoak izan dira, eta bi bikoteok aukeratutakoen artean ez dago alde haundirik. Irteera dexente duten pelotak aukeratu behar izan ditugu; normalean motelagoak aukeratzen ditugu, baina gaur horrelakorik ez zegoen saskian». Olaizola IIak eta Mendizabal IIak aukeratutako pelotek 106,3 gramo, 106,1 gramo eta 105,6 gramo pisatu zuten; Bengoetxea VI eta Belokirenak berriz, 106,4 gramo, 105,5 gramo eta 105,2 gramo.

Ikusmin haundiko partidua
Finalerdietako azken partidu honek ikusmin haundia piztu du pelotazaleen artean. Enpresak adierazi duenez, Atono IIIaren aforo erdia beteta dago dagoeneko, erreserba bidez egindako eskariekin. Jaialdiarako sarrerak 661 259 009 telefonoan erreserbatu daitezke, Olaiagatik galdetuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!