Tolarea Sagardo Naturalaren Kofradiak lau kide berri izendatuko ditu bihar

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 14a, 01:00

sagardoaren defentsan lan egiteko lau kide berri izendatuko ditu bihar Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak. Ohorezko kide berriak honakoak izango dira: Juanjo Uria, Hernaniko alkate izandakoa eta bertsogintzan lan haundia egindakoa; Axen Jimenez, sukaldaria; Angel Alvarez, Nafarroako sagardogilea; eta Lucio Urtubia, anarkista.

Egitaraua
Xalaparta elkartean egingo diete ongi etorria kofradiei eta gonbidatuei; elkartean hamaiketakoa egiteko aukera izango dute. 12:15etan abiatuko dira elkartetik, eta kaleetan barrena ibiliko dira, Hernaniko Musika Banda aurretik dutela. Ekitaldi nagusia, kide berriak izendatzeko, eguerdiko 13:00etan izango da, Biteriko ekitaldi aretoan. Ekitaldi aurretik aurreskua dantzatuko diete, eta ondoren Ozenki abesbatzak kantu emanalditxo bat egingo du. Eguerdian Larre-Gain sagardotegira joango dira bazkaltzera.

Sukaldaria, anarkista, sagardozalea eta alkate ohia
Sagardoaren defentsan lan haundia dagoelako egiteko edo, bihar izendatuko dituzten kideak, itxuraz behintzat, ez dute elkarrekin zerikusi haundirik. Lucio Urtubia, garai bateko anarkista ezaguna da bat, orain Frantzian bizi dena, hamaika abentura bizitutakoa. Parisetik etorriko da propio izendatze ekitaldira. Angel Alvarez Bermejo berriz, Berueteko sagardogilea da, Hernanin urte mordoska bizitutakoa. Orduan, familiarekin batera, Lizeaga auzoko Ankar taberna eraman zuen. Axen Jimenez Esquiroz, sukaldaria da eta Tafallako Tubal jatetxeko burua. Juanjo Uria Zubiarrain berriz, Hernaniko alkatea izana da, bertsogintza munduan lan haundia egindakoa.

Tolare Kofradiaren XIV Kapitulua
Aurtengoa 14garren Kapitulua dute Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiakoek. Urtero bezala, Euskal Herritik eta urrutiagotik etorritako era guztietako Kofradiak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, beren jantzi, kapa eta txapela deigarriekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!