JOAN den asteko Gobernu batzarrean kultur programa eta jardueretarako dirulaguntzen oinarriak aztertu eta onartu ziren. Udalak urtero berrikusten du kultur ekintzetarako dirulaguntzen araudia, eta talde ezberdinetako kideekin ere bilerak egin dira dirulaguntzen araudiaren inguruko iritziak eta proposamenak jasotzeko.
46.000 euro laguntzetarako
Dirulaguntza hau eskatu daiteke mota honetako ekintzak egiteko: kultur erakundeek egindako argitalpen edo jaialdiak, dantza, antzerkia, folklorea, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, liburutegi eta abarrekin zer ikusia duten ekintzetarako.
2009ko aurrekontuetan 46.000 euroko diru kopurua dago jasota, kultur ekintzak laguntzeko. Dirulaguntzak eskatzeko epea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egunetara bukatuko da. Dirulaguntza eskariak Udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira.
Jarduerarekin zer ikusirik ez duten kartelak eta lemak
Dirulaguntzen oinarriak joan den urtekoen antzekoak dira, baldintza gehienetan. Hala ere, puntu berri bat erantsi diote oinarriei, ez direla onartuko «diruz lagundutako jarduera egingo den inguruan, publizitatean edo diru laguntza jaso duten pertsona edo entitateek ekintza egiterakoan honelakoak agertzea: dirulaguntza ematen duen delegazioari dagozkion jarduera esparrutik kanpoko lema, adierazpen pankarta, ekintza eta abar». Honek esan nahi du, ez direla onartuko kultur ekintzarekin zer ikusirik ez duten kartel, lema edo halakorik, ez ekintza egiten ari den inguruan, ezta ere ekintza iragartzeko orri eta bestelakoetan.
Puntu hau sartzea 2008ko ekainaren 26ko Plenoan onartu zen, PSE-EE, EAJ-PNV, EA, EB-Berdeak eta PPk proposatuta. Orduan onartu bazen ere, 2009ko udal aurrekontuak martxan jartzearekin batera jarri da indarrean.
Dirulaguntzen oinarriak: puntu interesgarriak
Zer aurkeztu behar dute taldeek diru laguntza eskatzeko:
-Diru laguntza eskaria bete.
-Eusko Jaurlaritzako Elkarte eta Erakundeen Erregistroan izena emanda dagoela frogatzen duen agiria.
-Udal Intereseko Elkarteen Erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen agiria.
-Identifikazio Fiskaleko Kodearen
dokumentuaren fotokopia (IFK).
-Taldearen estatutuak eta curriculama.
-Kultur ekintzaren deskribapena eta gastu eta sarreren aurrekontua.
-Eskatzailea kontu korronte baten jabe dela erakusten duen agiria, banketxeak
emandakoa.
-Bestelako dirulaguntzarik jaso bada, aitortu egin beharko da.
* Oharra: 2008an diru laguntzarik jaso bada, honakoak aurkeztu beharko dira: eskaera orria, kultur ekintzaren deskribapena eta gastu eta sarreren aurrekontua, kontu korronte baten jabe dela erakusten duen frogagiria, bestelako dirulaguntzak jaso diren erakusten duen agiria.
Eskariak ebaluatzeko irizpideak:
Gutxienez aurrekontuaren %50 ziurtatuko zaie dirulaguntza eskatzen duten elkarte eta pertsonei. Portzentajea %65 arte igo daiteke, honako irizpide hauek kontuan hartuta: herriko beste elkarteekin elkarlanean
egindako ekitza izatea; ekintza Hernanin burutzea; herriko erdiguneaz gain auzoetan ere eragina izatea; egitarauaren berrikuntzak izatea;
kanpoko jatorria dutenen parte-hartzea bultzatzeko bideak martxan jartzea.
Ordainketa:
Dirulaguntzaren %80 emango da, eskaria onartzen denean. Gainerako %20 honako agiri hauek aurkezterakoan emango da:
-Jardueraren memoria.
-Sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa.
-Egindako gastuen agiriak.
-Dokumentazio grafikoa.
-Zuriketa: aurkeztutako aurrekontuaren %80 zuritu behar da; eta 100 euro arteko gastuak funtzionamendu gastu bezala justifikatu daitezke.