DOBERA Euskara Elkartea, Udalarekin hitzartuta, Motibazio Saioak ari da egiten herriko ikastetxeetan. Saioak martxoa eta apirilean izango dira, eta helburua da 14-15 urte bitarteko gazteak bultzatzea hizkuntzaren inguruan hausnarketa txiki bat egitera.
Horretarako, saio hauetan, ikasleei, hizkuntz normalizazioaren alde herrian dauden egitasmo eta taldeen berri ematen zaie. Doberak Motibazio Saio hauekin bilatzen duena da naturaltasunez hitz egitea euskararen eta gaztelaniaren erabileraz, hizkuntza aniztasunaz, aberastasunaz eta abar.
Hiru saiotan banatua
Motibazio saioak teoriko praktikoak izango dira eta hiru saiotan izango dira banatuak; ikasleek lehenengo biak egun berean jasoko dituzte, eta azkenekoa aldiz, bi aste inguru pasa ostean.
Lehen saioan, hausnarketa bideari hasiera emateko, hizkuntz egoera batzuk azaltzen dizkiete; komiki edo marrazkien bidez. Ondoren, labur azaltzen dizkiete hizkuntzaren inguruko eta normalizazioaren inguruko datuak: Hernaniko, Euskal Herriko eta munduko egoera, hizkuntza gutxituak, erabilera eta abar. Hau azalduta, ikasleak taldeka biltzen dira lan praktiko bat egiteko. Lan praktikoan bildu beharrekoa adibidez, honakoa izaten da: ikastetxean euskeraren erabilera neurtzea, herriko egitasmo batzuk ezagutzea, herriko euskera egoera batzuk jasotzea (errotuluak euskeraz dauden edo ez....)
Bigarren saioan taldeek hartutako lan praktikoaren nondik norakoak aztertu, prestatu eta burutu beharko dituzte.
Azken saioan berriz, bi aste inguru pasa ondoren, ikasleek egindako lan praktikoa aurkeztu beharko dute. Ondoren, egindako lanarekin hausnarketa egingo dute, eta ondorioak aterako dituzte.