Iraitz Santakruz Audientzia Nazionalera eramango dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 10a, 01:00

iraitz Santakruz gaztea joan den ostegunean atxilotu zuen Ertzaintzak. Geroztik Oiartzungo Ertzaintzaren koartelean dago, atxilotua eta inkominikatua. Hainbat komunikabidek eta familiak adierazi dutenez, gaur eramango dute deklaratzera Audientzia Nazionaleko epaile baten aurrera. Santakruzen familiako kide batek Kronikari adierazi dio ez dakitela ezer berataz. Atzo komisaldegira deitu eta gaur Madrilera eramatekoa dutela adierazi zieten, «goizeko 07:00etan abiatuko direla bakarrik esan digute, ez zein ordutan deklaratuko duen». Senideak esan duenez, ez dakite ezer, «inkomunikatuta jarraitzen duela, besterik ez». Ostegunaz geroztik kon- tzentrazioak egin dira egunero atxiloketa salatzeko. Gaurko ere deitu dute, iluntzeko 20:00etan, plazatik abiatuta.

Udalaren idatziak
Atzo, Udal Gobernu taldeak deituta, bertako kideak eta Udalean ordezkaritza duten taldeak elkartu ziren, Iraitz Santakruzen atxiloketa eta inkomunikazioaz hitz egiteko. Izan ere, pasa den abenduaren 18ko plenoan torturei buruzko testu bat onartu zen. Testuak zioen, herritarren bat inkomunikatuta egonez gero, besteak beste, Audientzia Nazionalera bidaliko zirela Nazio Batuen Erakundeak tortutaren kontra onartutako akordioak. Bestetik, giza eskubideen aldeko testu bat adosten saiatuko zirela; eta azkenik, inkomunikazioa salatzeko prentsaurrekoa emateko konpromezua. Atzoko bileran bi idatzi aurkeztu zituzten, bata Udal Taldeak aurkeztua, eta bestea, EA alderdiak aurkeztua. Udal alderdiak ez ziren ados jarri testu baten bueltan. Udal taldearen idatzia Udal taldearen idatziak lehenik eta behin dio «inkomunikazioa egoera bera, tratu txarra edo tortura izan daitekeela». Horrez gain, Iraitz Santakruzen egoeraren inguruko kezka adierazi du eta exijitu dute «inkomunikazio egoerarekin bukatzea eta atxilotuaren giza eskubideak ziurtatzea». Bestalde, salatu dute «informazio eza, ez familiak ez abokatuek ez baitute bere egoeraren berri». Horrez gain, «Audientzia Nazionalaren desagerpena exijitu eta familiari elkartasuna» adierazi diote.

EAren idatzia
EAk dio bere idatzian «delitu egiten duten pertsonak Justiziaren esku» egon behar dutela. Era berean dio, «atxilotuen eskubideak ziurtatu eta tratu txarrak sahiestu behar direla».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!