ATZIETA, Kale Nagusia, Kardaberaz kalea eta Plazan kotxeak sartzea mugatzeko ordenantza osatu du duela gutxi Udalak. Ordenantza horri hasierako onarpena eman zitzaion Plenoan, eta ondoren alegazioak egiteko epea izan da. Kaxko elkarteak hainbat alegazioa aurkeztu ditu, eta horien berri eman du.
Eskubideak errespetatu
Kaxko elkarteak adierazi du ordenantza martxan jartzerako garaian Kaxkoko bizilagunen eskubideak errespetatu behar direla, hala nola: Kaxkoan sartu eta atera ahal izatea edozein momentutan; ezinduek batera eta bestera ibili ahal izatea; eta Kaxkoko bizilagunek asistentzia behar dutenetan senide edo konfiantzazko pertsonak Kaxkora behar dutenean sartzea, izan ere, baliteke hauek Kaxkoan bertan ez bizitzea.
Horrez gain, karga eta deskargarako denbora tarte bat uztea ere beharrezkoa ikusten dute Kaxkoko bizilagunek, eta eskatu dute ordutegia zehaztea eskubide hau errespetatzeko.
Honen aurrean, Kaxkoko bizilagunek formula bat proposatu dute: Kaxkoko bizilagun guztiek tarjeta elektronikoa izatea barrerak irekitzeko; barrera hauek eskuz ireki ahal izatea sistemak huts egiten duenerako; eta barrera gabeko badaezpadako irteera izatea. Beste proposamen bat ere egin dute, Udaletxe atzean dagoen pibotea dagoen bezala uztea, eskuz ireki dezaketelako eta seguritatea ematen dielako.
Hainbat eskaera
Bestalde, eskatu dute taxiei sartzen uztea edozein momentutan, sarrera justifikatua badago. Horrez gain, Kardarberaz kaletik Kale Nagusira joateko aukera izatea ere eskatu dute, Sevillano-aren etxe parean buelta emanda.
Horrez gain, Kaxko elkarteko bizilagunek nahi lukete kotxe eta kamioiak Kaxko barruko kaleetan ahalik eta denbora gutxien egotea. Horretarako Udaleletxe atzeko pasoa edozein momentutan sartu eta ateratzeko modukoa izan behar duela uste dute. Aipatu dute, baita ere, Plaza garrantzitsua dela, inor molestatu gabe kotxea uzteko leku egokia delako.
Atzietari dagokionez, bertan lokalak dituztenei sartzeko erraztasunak jarri behar zaizkiela aipatu dute. Garajeetako badoa ordaintzen dutenei, inolako kosturik gabe, sartzeko aukera ematea ere eskatu dute; eta Atzietan aldi baterako aparkamendua 08:00etatik 20:00etara izatea ere bai.