Bertsotube.com: bertso saioak igo eta ikusteko Interneteko ataria

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 8a, 01:00

BERTSOZALEEK, bideo kamara eta teknologia berriekin ondo konpontzen direnak behintzat, izaten dituzte etxean gordeta herriko festetan izandako bertso saio eder hartako irudiak; edota taberna edo elkartean izandako bertso saio eder hartako bideorik. Guzti horiek interneten jartzeko gune berezia sortu du duela gutxi Bertso Plaza Digitalak: www. bertsotube.com. Bertsolaritzari zabalkundea ematea da webgune honen helburu nagusia, eta orain arte igo diren bertso bideoen artean badago altxorrik: esaterako, 1996ko Errege Bezperan Hernanin izandako bertso saioa; edota Maialen Lujanbiok Hernaniko Bertso Eskolari jarritako bertsoak. Bertsotube.com atarian, begirada batean 15 bideoko aukera ematen da. Horietako 10 bideo etengabe berritzen doazenak dira, eta besteak jendeak gehien ikusi dituenak. Bilatzailea ere badago, bideo jakin bat bilatu nahi bada.

Nola igo bideoak
Webgune honetan bideoak jartzea oso erraza da. Lehenbizi Bertsotuben izena eman behar da; gero, erabiltzaile izena eta hitza sartu, bideoaren ezaugarriak bete, eta bideoa kopiatu behar da. Bideoak ahal dela wmv formatoan igotzea komeni da (200-400 kb bitartean), baina MPEG formatoan ere igo daitezke. Nahi izanez gero audioa bakarrik ere igo daiteke, mp3 formatoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!