Hondakinak eta mugikortasuna aztertuko dituzte datorren larunbatean Topagune Berdean

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 8a, 01:00

Topagune Berdearen helburua da, herritarrek ingurumenarekin lotutako gaien inguruan parte hartzea eta bere kezkak eta nahiak adieraztea. Orain arte hiru bilera egin dituzte, joan den azaroan hasita, eta herritar askok parte hartu du bileretan, 20-45 tartean, saioaren arabera.

Helburuak zehazten
Lehenengo bileran, herritarrek zein kezka zituzten eta zein gairi buruz hitz egin nahi zuten zehaztu zuten; bigarren bileran, interesen araberako lan taldeak egin ziren. Hiru izan ziren gai nagusiak: hondakinak, azpiegitura haundiak eta mugikortasuna. Hirugarren bileran, ordura arte egindako lana baloratzeaz gain, aurrera begirako asmoak zehaztu zituzten eta horretarako nola antolatu. Besteak beste, bilerekin jarraitzea erabaki zuten.

Datorren larunbatean bilera
Datorren larunbatean bilera egingo dute, 10:00etan, Biteri kultur etxean eta herritar guztiak gonbidatu dituzte lan taldeetan parte hartzera. Bi izango dira lantaldeak: bata, hondakinen ingurukoa, bestea mugikortasunaren ingurukoa. Hilean behin bilera egiteko asmoa dute; bertan gaiak landu, gaiekin zerikusia duten informazioa jaso eta gaietan adituak diren edo esperientziaren bat duten pertsonak ekarriko dituzte, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!