Joseba Garmendia: «Krisia irtenbiderik gabeko zurrunbiloa ari da bihurtzen, `Burbuila Inmobiliarioa´ eta bankuen arazoa izaten hasi zena, sektore guztietara pasa da»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 8a, 01:00

NATZA taldeak antolatuta, krisi ekonomikoaren inguruko hitzaldia izan zen ostegun arratsaldean Biteri kultur etxean. Hizlaria Joseba Garmendia izan zen, unibertsitateko irakaslea eta ekonomilaria. Hitzaldia hiru zatitan banatu zuten: lehenengoan bideo bat jarri zuten, krisia umore puntu batekin azaltzen zuena; bigarrengoan, hizlariak krisiaren nondik norakoak eta arrazoiak azaldu zituen; eta hirugarrengoan bertan bildutako herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten.

Amerikako Estatu Batuetan hasitako krisia
Hitzaldiaren hasieran, Joseba Garmendia saiatu zen azaltzen zergatik AEBetan sortutako krisia bihurtu den mundu mailakoa. 2003an Estatu Batuetan Burbuila Inmobiliarioa hasi zen sortzen, hau da, Garmendiak azaldu zuenez «banketxeak Subprime edo arrisku haundiko hipotekak ematen hasi ziren, solbentzia ekonomikorik ez zuten pertsonei. Hipoteka horiek, lehenengo 3 urtetan interes oso baxuak zituzten arren, gerora ikaragarri egin zuten gora. Hipoteka horiek hartzen zituztenek, azken urteetan gertatu bezala, espero zuten erositako etxeen prezioa gorantzako joerarekin jarraituko zuela. Baina ez da horrela gertatu. Interesak %3tik %15era igo ziren, eta etxearen balioa berriz, erositakoa baino merkeagoa zen. Ondorioz, hipotekak ordaindu ezinda geratu ziren. Honek, AEBtako miseriaren gorakada haundia ekarri zuen. Datuen arabera, miseria normalean %4an izaten den arren, 2008an %20 zen».

Akzioak saldu eta mesfindantza sortu
Gauzak horrela, banketxeak espero ez zituzten galerak izaten hasi ziren. Hizlariak adierazi zuenez «banketxeei ez zitzaien komeni zuloak zituztenaren ideia zabaltzea, eta ondorioz, burtsan akzioak saltzen hastea erabaki zuten. Honek burtsaren beherakada nabarmena ekarri zuen, eta akzioek zuten balioa ere, galdu egin zuten. Orduan mesfidantza sortu zen, batez ere bankuen artean».

Amerikako Estatu Batuetatik Europara
Kontua da bankuek diru fisikorik ez dutela izaten euren sukursaletan, eta egunerokotasunaren arabera funtzionatzen dutela. Horretarako, banku arteko merkatuarekin funtzionatzen dute. Banku arteko merkatuak balio du bankuek likideza lortzeko: bankuek maileguak ematen dituzte euren artean, akzioak erosten dituzte eta abar, behar duten diru fisiko hori lortu ahal izateko. Joseba Garmendiak esan zuenez «Europako bankuek banku arteko merkatuarekin funtzionatzen dute, eta merkatu hori mundu mailakoa izaten da. Orduan, Europako banku askok arrisku haundiko hipotekak ematen zituzten banku horiekin egin zuten tratua. Ondorioz, AEBetan gertatu bezala, Europan ere Burbuila Inmobiliarioa sortu zen. Euribor hitza ere testuinguru honetan kokatzen da. Euriborra da bankuek euren artean dirua itzultzeko jartzen dituzten interesak». Krisiaren ondorioz, mesfidantzak eraginda, banku arteko merkatu hori itxi egin zen edo askoz gehiago kostatzen zitzaien bankuei bide horretatik dirua lortzea. Honek izan zuen beste eragin bat izan zen Euriborrak azken aldian jasan dituen igoerak. Diru falta zegoen, likidez falta, eta dirua uzteko garaian, bankuek euren arteko interesak nabarmen igo zituzten.

Diru falta, mailegurik ez
Hala ere, azken hilabeteetan Euriborra geroz eta beherago dago, eta honek badu bere arrazoia. Hizlariaren esanetan «Europako Banku Zentrala dirua ematen hasi da, eta horrek ekarri du Euriborraren beherantzako joera. Baina arazo nagusia da bankuek galerekin jarraitzen dutela. Dituzten zuloak betetzeko asmoz, kapitala saldu egiten dute, momentu hauetan diru fisikoa lortzeko bidea hori baita. Beraz, bankuek likidezik ez dutenez, ez dituzte maileguak ematen edo gutxiago ematen dituzte. Kontua da, adibide batekin azalduz gero, bankuek duten euro bakoitzeko 10 euroren balioa duten prestamoak eman ditzaketela. Modu honetara, mundu mailako bankuek duten zorra, munduan dagoen aberastasunaren laurdena izatera iritsi da».

Mailegurik ez: langabezia, inbertsiorik ez...
Krisia Burbuila Inmobiliarioarena eta bankuena izaten hasi bazen ere, gaur egun sektore guztietara pasa da. Arrazoi nagusia da bankuek ez dutela dirurik ematen, eta hizlariak adierazi zuenez «bankuak lehortu egiten badira, maileguak ere murriztu egiten dira. Honek, inbertsio eta kontsumoaren murrizketa ekartzen du. Gutxiago saltzeak eta inbertsioak egiteko dirurik ez izateak, langabezia ekartzen du, lana ere gutxitu egiten baita. Enpresa batek ondo funtzionatzeko kapital zirkulazioa behar du. Adibidez, Enpresa batek bi urteren buruan proiektu batzuk egiteko lana izan arren, bankuak dirurik ez badio ematen, ez da proiektu horiek aurrera eramateko gai. Enpresek proiektuekin irabazitako diruaren gehiengo hau amaitzean jasotzen dute. Ondorioz, bitartean, proiektua aurrera eraman ahal izateko dirua behar dute (kapital zirkulazioa). Mailegurik ezean, enpresek ez dute dirurik, eta proiektuei ezezkoa eman behar diete; askotan honek sortzen du enpresak itxi beharra. Era berean, zirkulu honek eraginda, geroz eta langabetu gehiago daude, eta honek kontsumoa ere gutxitu egiten du. Beraz, arrazoi guztiak aztertuta, konturatzen gara krisia irteerarik gabeko zurrunbiloan ari dela bihurtzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!